Obrak Iruñeko Geltoki zaharrean jarri dituzte ikusgai. Urriaren 20tik aurrera, berriz, Agoitzen ikusi ahal izango dira.
20 urte pasa dira Itoizko urtegia geldiarazteko eta Itoizko eta Artozkiko herrien defentsan, hainbat solidario borrokatu zirenetik. Itoizko erresistentziak hiru egun iraun zituen. Artozkin, berriz, hamasei. Azken herri honetara, modu askotan heldu ziren elkartasun keinuak eta horietako bat Artozki-Artezki proiektua izan zen. Artozkiko eliza “museo bizia” bihurtu zela diote Itoizko solidarioek. Bertan, artelanak, argazkiak, liburuak eta diskoak bildu zituzten, beren egileek eskainitako 30etik gora obra izan ziren. Baina hondeamakinen bidez, foruzainak eta guardia zibilak sartu eta dena hustu eta suntsitu zutela azaldu dute. Artelan horiek desagertuta egon dira ordutik hona, “poliziak elizatik atera zituen, eta haietako batzuk, gutxienez, urteetan egon dira museo ofizialetan”.
Duela gutxi, baina, modu anonimoan 31 artelan horietatik 14 eman dizkiete solidarioei eta, hauek salatu dutenez, urte hauetan guztietan artelanei eman dioten tratua da Irati eta Urrobi ibarretako biztanleek jaso zuten tratu bera, “makroazpiegitura honen kontra geundenok jasandako inposizio, gutxiespen, umiliazio eta arpilatzearen metafora krudela”.
Orain falta diren obrekin zer gertatu den galdetu diote Nafarroako Gobernuari eta falta diren horiek itzultzeko eskatu, “Artearen, Memoriaren eta Lurraren Defentsaren Museoa osa dezaten, artelan guzti-guztiekin, Itoizko urtegiak suntsitutako ibar eta herrien memoria gordetzeko”.
Obrak Iruñeko Geltoki zaharrean jarri dituzte ikusgai. Urriaren 20tik aurrera, berriz, Agoitzen ikusi ahal izango dira.
(Bideoa: ahotsa.info)