Orain zuk honekin egin nahi duzuna lanagatik saritu dute nafarra. Epaimahaiaren arabera, “lan koherentea eta orekatua da, baina arriskurako joera ere erakusten du zenbait irudi eta joskeretan. Paisaiak eta naturak pisu handia hartzen dute bilduman, protagonista eta ahots propio bihurtzeraino”.
Poesialdia egitarauaren barnean, Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren bederatzigarren edizioaren sari banaketa egin da Liburutegi Nagusiko Mandasko Dukearen aretoan. Aurtengo saritua Itziar Agirre Sagaseta (Donamaria, 2001) da, Orain zuk honekin egin nahi duzuna lanagatik.
Itxaro Bordak, Aritz Gorrotxategik eta Eli Tolaretxipik osatu dute epaimahaia eta euren aburuz, “lan koherentea eta orekatua da, baina arriskurako joera ere erakusten du zenbait irudi eta joskeretan. Paisaiak eta naturak pisu handia hartzen dute bilduman, protagonista eta ahots propio bihurtzeraino. Gogoetatik eta begirada pausatutik abiatzen da sentikortasun handiz, eta intimotasunaren eta ingurunearen arteko tentsioa azaleratzen du, denbora eta gorputza bezalako gaietan maisuki sakonduz”.
Finalista izan den lana ere azpimarratu nahi izan dute: Letrak, etzanez izenburukoa, “kalitate handikoa” hau ere.
Itziar Agirre Sagasetak Bioteknologiako Gradua ikasi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Iruñean, eta ondoren Biomedikuntzako Masterra Bartzelonako Unibertsitatean. Gaur egun, Irakasletzako Masterra egiten ari da Errioxako Universidad Internacionalen, eta euskara irakasle gisa lan egiten du Iruñeko Arturo Campion IKA euskaltegian. 2022an, egile berrientzako XXXII. literatura lehiaketan aipamen berezia jaso zuen Sartu ez dena ezin atera lanagatik.
Donostia Kultura Poesia Saria
Poesia lehiaketa hau, Donostia Kultura eta Balea Zuria argitaletxeak elkarlanean burutua, euskarazko poesia zabaldu eta 35 urte bete gabe dituzten idazleen lanari bultzada emateko asmoz sortua izan zen.