Itziar Ituño aktoreak jasoko du Santurzine Jaialdiko Serantes saria

Antolakuntzak aitortza egin nahi izan dio “emakume ausart, enpatiko eta solidarioa delako eta euskal zinema eta euskara mundu osoan zabaldu duelako”.

Urriaren 1etik 16ra bitartean egingo da Santurzine jaialdiaren bederatzigarren edizioa Santurtzin. Urtero bezala, jaialdiaren barruan, zineman lanean ari den pertsona edo erakunde baten ibilbide profesionalari egiten zaio aitortza, eta aurten Itziar Ituño aukeratu du antolakuntzak. Basauriko aktoreak urriaren 16an jasoko du saria Serantes kultur aretoan egingo den itxiera ekitaldian.

Ituñok hirugarren aldia izango du jaialdian, izan ere, laugarren edizioan Santurtzi atalean (SZ4) parte hartu zuen eta bosgarrenean epaimahaikide izan zen.

Santurzine jaialdiak Ituñoren ibilbide luzea nabarmendu nahi izan du. “Gaur egun, aktore ospetsu eta guztiz maitatua da, bai Euskal Herrian eta baita mundu mailan ere, telebistako bi telesairi esker: Goenkale eta La casa de papel”.

Gainera, euskarazko zinemarekin duen “lotura estua” azpimarratu dute, “babes eta laguntza handia” eman diolako. Hala, euskal zineman azken urteotan ikusi ditugun zenbait filmetan hartu du parte: Loreak (Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, 2014), Lasa eta Zabala (Pablo Malo, 2014) Errementari (Paul Urkijo, 2017), Hil kanpaiak (Imanol Rayo, 2020) eta Ilargi guztiak (Igor Legarreta, 2021) filmetan, besteak beste.

Antzerkian eta musikan ere eskarmentu handia du Ituñok, 20 antzezlan baino gehiago egiteaz gain, Ingot musika taldeko abeslaria da. Ekintzaile ere badela nabarmendu dute, Amazonas aldean ibili baita kooperante gisa eta bertan antzerki tailerrak egin ditu.

Santurzine jaialdiko antolakuntza taldeak aitortza egin nahi izan dio “emakume ausart, enpatiko eta solidarioa delako eta euskal zinema eta euskara mundu osoan zabaldu duelako”.

Egitaraua

Santurzine ostiralean abiatuko da, urriaren 1ean. Mugek eta pandemiak markatutako urte luzearen ostean, aurten herriko ostalaritza lokaletan eskaintzen ziren emanaldiak berreskuratuko ditu urriaren 1ean, 8an eta 15ean.

Gainera, bi emanaldi berezi izango dira lehen aldiz Santurtzitik kanpo: urriaren 2an Galdamesen egingo da lehenengoa, Montellano auzoko izen bereko tabernan, eta bigarrena Bilboko Uribarri auzoan, hilaren 7an, Euskal Herrian ekoitzitako film laburrak eskainiko dituen SZ Off atalarekin.

Saio hauekin batera, bi film luze proiektatuko dira Serantes Kultur Aretoan. Ohi bezala, jaialdia Santurtziko zine klubarekin arituko da lankidetzan, eta ildo horretan, zine klubaren aurtengo denboraldiaren hasieran, irailaren 30ean, David Ilundain zinemagile nafarraren Uno para todos filmaren emanaldian hartuko du parte, eta urriaren 14an Wong Kar Wai zinemagile asiarraren unibertsoa ekarriko du, 1994an egin zuen Chungking Express filma eskainiz.

Halaber, bigarren urtez jarraian Santurtzi Zine Lantegia egingo da. Zinemaren euskal industriari zuzendutako bi saio izango ditu. Lehenengoa urriaren 2an izango da Casa Torre jauregian, bertan sortzaileen foro bat osatuko da. Parte hartzaileek ekoitzi aurreko fasean dauden egitasmoak aurkeztuko dituzte eta epaimahaiak 500 euroko saria emango dio proiektu onenari. Bigarrena urriaren 9an izango da, honetan, Itziar Lazkano aktoreak interpretazio eskola berezia eskainiko du Kresala aretoan.

Zabaldu: