(Argazkia: eitb.eus)

Itziar Ituñok jasoko du aurten Ramon Labaien saria irailaren 27an

Sariaren asmoa euskal aktore edo zuzendari bat goraipatzea da, Ramon Labaien zenarekin gogoratuz

Seigarren urtez banatuko du Donostiako Gros auzoko Ulialde elkarteak Ramon Labaien saria, eta aurten Itziar Ituño aktore bizkaitarraren ibilbidea nabarmenduko du. Donostia Zinemaldiaren barruan egingo da saria emateko ekitaldia, irailaren 27an, Ulialde elkarteko iturrien arabera.

La casa de papel telesailarekin mundu osoan egin da ezagun Basauriko aktorea, bere aktore ibilbideari aspaldi ekin zion, antzerkian eta Goenkale telesailean eman zituen lehen pausoak. Hainbat film ospetsuetan ere parte hartu du, Loreak, Lasa eta Zabala, Igelak eta Errementari besteak beste. Abeslaria ere bada Ituño, Ingot taldean.

Aurten Ramon Labaien sariaren seigarren ekitaldia ospatuko du Ulialde elkarteak, Donostia Zinemaldiarekin bat eginez. Izan ere, elkarteko kide izan zen Labaienek lan handia egin zuen Zinemaldia puntako jaialdien barruan kokatzeko eta, bere heriotzaren ostean, Zinemaldiarekin batera jai bat egin nahi izan dute urtero.

Sariaren asmoa euskal aktore edo zuzendari bat goraipatzea da, Ramon Labaien zenarekin gogoratuz, berari esker Donostia Zinemaldiak galdutako nazioarte maila berreskuratu zuelako. Sari banaketa afari baten ostean izango da, Donostiako Gros auzoko Ulialde elkartean, irailaren 27an, eta ondoren festatxoa egingo dute elkartean bertan.

Aurreko urteetako saridunak hauek izan dira: Karra Elejalde, Juanma Bajo Ulloa, Martxelo Rubio, Ane Gabarain, Gorka Aginagalde eta Jon Plazaola.

Zabaldu: