Hizkuntzalariak euskarari eta elebitasunari egin duen ikerketaren bitartez, euskararen eta Euskal Herriko garapen zientifiko eta kulturaren inguruan ekarpen nabarmena egiteagatik eskuratu du saria.
Itziar Laka Mugarzak (Getxo, 1962) eraman du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien saria. Hala ebatzi du sariaren epaimahaia osatzen duten Eusko Ikaskuntzaren eremu geografikoko zazpi unibertsitateetako eta Musikeneko ordezkariek, baita Eusko Ikaskuntza eta Laboral Kutxako ordezkariek ere.
Epaimahaiaren arabera, “hizkuntzalariak ekarpen berritzaileak eta pisu handikoak egin ditu euskararen garapenerako eta hizkuntza-gaitasunak gobernatzen dituzten mekanismoetan sakontzeko”.
Lakak hizkuntzalaritza esperimentala eta neurohizkuntzalaritza lantzen dituen lehenengo ikerketa-taldea sortu zuen 2010ean. Hainbat proiekturen ikertzaile nagusi izan da Euskal Herrian eta nazioartean, eta hizlari gisa parte hartu du hizkuntzalaritzaren arloko nazioko eta nazioarteko biltzarretan. Era berean, irakasle izan da hainbat herrialdetako unibertsitateetan. Epaimahairen ustez, “eredu handia izan da, gazteen artean ere, euskara goreneko maila zientifikoan jarriz, metodologia berriak baliatuz, punta-puntako ikerketekin landuz, egun berebiziko garrantzia duten alorrak jorratuz”.
Lakaren ibilbidean funtsezko dimentsioa da euskara unibertsitatean eta gizartean sustatzea. Gaur egun Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako buru da EHUko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoreordetzan. EHUko Euskara Institutuarekin lankidetzan, hizkuntzalaritza-lan klasikoen itzulpena sustatu du.
Jardun akademikoarekin eta ikerkuntzakoarekin batera, Lakak lan itzela egiten du zientziaren eta zientzia-kulturaren zabalpenean. Zentzu horretan, epaimahaiak adierazi du “elebitasunaren inguruan egon diren mito batzuk ebidentzia zientifikoaren bitartez bertan behera utzi ditu, euskarari ez ezik, hizkuntzalaritzari bere orokortasunean ere, ekarpen nabaria eta agerikoa eginez”.
Hala, “Itziar Lakaren maila handiko ikerkuntza- eta zabalkunde-jarduerek zalantzarik gabeko balioa dute zientziarentzat, kulturarentzat eta euskal gizartearentzat orokorrean”.