(argazkia: Jorge Oteiza museoa)

Itziar Okarizen ‘Estatuak’ Jorge Oteiza Museoan ikusgai

Artista donostiarraren erakusketa 2021eko otsailaren 28ra arte bisitatu ahal izango da Altzuzako museoan.

Azken urteotan, Itziar Okariz (Donostia, 1965) artista eskultura esanguratsuen aurrean jartzen eta haiekin solasaldiak izaten aritu da, eta itxura batean osatu gabe dauden solasaldi horietako batzuk dira, hain zuzen, Estatuak izeneko erakusketa osatzen dutenak. Elkarrizketa horien grabazioek artistaren eta obren arteko komunikazio uneak jasotzen dituzte, inolako hierarkiarik gabe. Horietan, Okarizek gainditu egiten du ikusizko harremanaren esparrua, bere ahotsa soilik jasotzen duen elkarrizketan sakontzeko.

Logika horri jarraituz, ekintza horiek artearen gaitasuna pizten dute, hots, interpretazioaren zentzu posible guztiak aktibatzeko gaitasuna, eta harridurazko egoera batean jartzen dute ikuslea, komunikazio ekintza batean, normaltasunetik at ikusten baitu artista.

Altzuzako Oteiza Museoak, orain, hiru ikus-entzunezkoz osatutako Estatuak erakusketa paratu du, eta bertan, Okarizek izandako elkarrizketetako batzuk daude ikusgai. Oteizaren obrak garrantzi berezia du honetan eta, hala, eskultorearen obrekin izandako elkarrizketak dakartza Okarizek: Nire emaztearen erretratua, Otano pintorearen erretratua eta Bi triedroren konbinazio bidezko kutxa metafisikoa/Leonardoren omenez. Hauetaz gain, Apostoluen Frisoaren eta Arantzazuko basilikako murruen aurrean izandako elkarrizketak ere jaso ditu. Azken hauek proiektu honetarako propio produzitu ditu Oteiza Museoak, eta lehen aldiz daude ikusgai. Horien osagarri, Sergio Prego artistaren Seeds eta Black Fountain piezekin egindako bi elkarrizketa ere jasotzen ditu erakusketak.

Ikus-entzunezko piezen aurkezpena osatzeko, elkarrizketa horien transkripzioak ere jaso dituzte.

Erakusketa online

Estatuak online esparrura ere zabalduko da, izan ere, erakusketa-proiektua martxan dagoen bitartean, Oteiza Museoaren webgunearen bitartez, Estatua. Kutxa metafisikoa (291)  ikus-entzunezko pieza ikusteko aukera egongo da. Proiektu honek, osterantzean, bitartekaritza presentzialeko eta online bitartekaritzako programa zabala izango du 2021eko otsailaren 28ra arte.

Okarizen proiektu hau museo honetan programatzeak Oteizaren obrak gaur egungo artistengan bizirik segitzeko duen gaitasuna agerian jartzen du, izan ere, egungo sorkuntzatik modu kritiko batean hurbiltzeko eremua da Oteizaren obra.

Zabaldu: