Dejabu konpainiaren 'Itzulera' antzezlana

‘Itzulera, ‘52 Hertz’, ‘Mendia’ eta ‘Arizona’ antzezlanak taularatuko dituzte Iruñeko Antzerki Aroan

Antzerki zikloa urriaren 8tik 29ra egingo da. Sarrerak salgai daude jada.

Antzerki Aroaren 30. edizioari emango diote hasiera urriaren 8an, Iruñean. Orotara lau antzezlan taularatuko dira urriaren 29ra bitartean, asteazken bakoitzean bana, Nafarroako Antzerki Eskolan (NAE), arratsaldeko 19:00etan. Antzezpenetarako sarrerak salgai daude Nafarroako Antzerki Eskolako txarteldegian (San Agustin kaleko 3. zenbakian) eta https://www.laescueladeteatro.com/eus/ webgunean.

Zikloa, beraz, urriaren 8an abiatuko da Dejabu konpainiaren Itzulera antzezlanarekin. Ainara Gurrutxagak, Urko Redondok, Miren Alcalak eta David Aguilarrek taularatuko dute obra eta Iara Solana izango da zuzendari artistikoa. Antolatzaileen esanetan, “umorez, begitazioz eta poesia bisualez betetako road movie bat da Itzulera, eta antzerkia eta zinema uztartzen ditu zuzenean: sormen-krisiak jota eta dokumental bat grabatzeko xedez, konpainiako hiru kidek Mexikora egiten duten bidaia bat kontatzen du. Ezusteko gertaera batek erabat aldatzen du bidaiaren norabidea”.

Bigarren proposamena urriaren 15ean helduko da Ados Teatroa konpainiaren eskutik. Garbi Losadak eta Jose Antonio Vitoriak 52 Hertz taularatuko dute lehenbizikoz Iruñean, Bego Losadaren euskarazko bertsioan. Honako hauek izango dira antzezleak: Joseba Apaolaza, Ainhoa Aierbe, Dorleta Urretabizkaia, Martxelo Rubio, Amaia Irazabal eta Aitzol Iraola. “Antzezlanak azken 35 urteetan Ozeano Bareko hainbat tokitan erregistratutako soinu-maiztasun bitxi bati egiten dio erreferentzia, balea urdin baten kantuaren antzekoa. Beste ezein balek ezin izan du balea horren kantua entzun. Umorea, emozioa eta eszenaratze zaindua uztartuta, gai hauek lantzen ditu antzezlanak: bakartze soziala, bakartasuna, desberdinkeria eta pertsonek entzunak izateko duten nahia”.

Mendia antzezlana izango da zikloaren hirugarren proposamena: urriaren 22an izango da Mikele Urroz Zabalza eta Lucia Ezker Rekalderen eskutik. “Mendira joateari utzi dion alpinista bat da protagonista, baina, hain zuzen ere mendira bueltatu beharra du senide baten errautsak botatzera. Espedizioan bere buruari buruz ahaztuta zeuzkan alderdietako batzuekin egingo du topo berriz ere, eta plaka tektonikoak balira bezala, elkarren aurka talka egingo dute gailur bat sortu arte: mendiarekiko maitasuna”.

Zikloari amaiera emateko, urriaren 29an, Txalo Produkzioak konpainiaren Arizona antzezlanaren txanda izango da: Juan Carlos Rubiorena da testua, eta Kepa Errastik itzuli du. “Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreak Margareth eta George dira, Arizonako mugara heldu berriak. Margarethek amets bat betetzeko grina du: bertan musikal bat egitea. Georgek, berriz, ‘Proiektuak’ agindutako misio bat du: bizilagunengandik bereizten dituzten mugara joan eta hura babestea. Mugara eramandako bi pertsonaia dira, eta direnak eta ez direnak egingo dituzte parodiarik zoroenetik tragediarik gordinera doan lerro edo mugaren gainean”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna