(argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia)

IV. Eskupilota Bizkaia Txapelketa martxoaren 18tik apirilaren 22ra bitartean jokatuko da

Lau bikote ariko dira lehian martxoaren 18an Bizkaia Frontoian, martxoaren 25ean Zallan, apirilaren 1ean Zierbenan eta apirilaren 8an Bizkaia Frontoian. Finala apirilaren 22an jokatuko da Bizkaia Frontoian eta partida guztiak 19:00etan hasiko dira.

IV. Eskupilota Bizkaia Txapelketaren edizio berria aurkeztu du Bizkaiko Aldundiak gaur arratsaldean. Txapelketa ostiralean, martxoak 18, abiatuko da Bizkaia Frontoian, hurrengo partida, berriz, Zallan izango da martxoaren 25ean, Zierbenan izango da hirugarrena apirilaren 1ean eta Bilbon laugarrena apirilaren 8an. Finala berriro ere Bizkaia Frontoian izango da apirilaren 22an. Denetara lau bikote ariko dira lehian. Partida guztiak 19:00etan hasiko dira.

Azaldu dutenez, zortzi pilotari bikoteka arituko dira Bizkaia Eskupilota Torneoaren laugarren edizioan. Lau bikoteak honako hauek izango dira: Aldai eta Mendizabal; Arrizabalaga eta Agirre; Garai eta Gaminde; eta, azkenik, Larrartek eta Osese.

Aurkezpenean Lorea Bilbao Ibarra diputatuak azaldu duenez, “zortzi emakume kirolarik, txapelketa honetan behintzat, grinagatik eta zaletasunagatik baino zerbait gehiagogatik  jokatuko dute. Izan ere, erakundeen lana ere bada gure lurraldeko kirolariek lan-baldintza egokiekin joka dezaten bermatzea. Gure lana trabak desagerraraztea da, emakumeen kirola sustatzea eta emakumeak kirolean egiten duen lana profesionalizatzea, kasu honetan, pilotan”.

Partidetara joateko sarrerak Bizkaia Frontoiko leihatilan eskuratu ahal izango dira eta prezioa 3 eurokoa izango da. Partida guztiak Bizkaia Frontoiak duen Facebook kontuaren bidez jarraitu ahal izango dira zuzenean.

Zabaldu: