(argazkia: Nafarroako Bertsozale Elkartea)

Izaban emango diote hasiera Nafarroako Bertsolari Txapelketari, urriaren 2an

29 bertsolarik eman dute izena aurten, eta pasa den ekainean jokatutako aurre-kanporaketen ondotik, 24 izango dira Izaban hasiko den bidean. Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko da finala, azaroaren 28an.

Urte hasieran hastekoa zen aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketa, baina pandemiaren eraginez atzeratu behar izan dute eta urriaren 2an abiatuko da. Izurriak erabat moteldu du bertso plaza, eta agerian utzi du kulturgintzaren hauskortasuna. Txapelketak, beraz, bultzada ere izan nahi du, plazak berriz indartzen joan daitezen, eta aldarri, bertsogintzaren eta kultur sorkuntzaren defentsan. Kultura, erantzukizunez, segurua da”, adierazi du Nafarroako Bertsozale elkarteak.

Izaban emango diote hasiera Txapelketari eta azaroaren 28an bukatuko da Iruñeko finalarekin. Guztira, zortzi saio izango dira, beste horrenbeste herrietan: Izaba, Tafalla, Zangoza, Doneztebe, Altsasu, Berriozar, Leitza eta Iruñea; lau final-laurden, hiru finalaurreko eta finala. 29 bertsolarik eman dute izena aurten, eta pasa den ekainean jokatutako aurre-kanporaketen ondotik, 24 izango dira Izaban hasiko den bidean. Horietatik zortzi iritsiko dira Iruñeko finalera, eta bakar batek jantziko du txapela. Harekin batera, dena den, hurrengo Bertsolari Txapelketa Nagusirako beste lau ordezkari nafarrak hautatzeko ere balioko du txapelketak.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak Nafarroa osora hedatzeko ahaleginean urrats berri bat emango du oraingoan: bi herrik -Izabak eta Zangozak- lehen aldiz jasoko dute txapelketako saio bat. “Hamaika lagunen ahaleginaren fruitu da txapelketa, sarean antolatzen dena, eta bertsolaritzaren ekosistema batzen duena. Bertsolariekin batera, epaileek, gai-jartzailek, antolatzaileek eta hamarnaka laguntzaileek eginen dute posible egitasmoa”, nabarmendu dute.

Bertsozalerentzat, “urteak joan urteak etorri, Nafarroako euskal kulturaren ekitaldi garrantzitsua bihurtu da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Baina ez da bat-bateko lorea, urtean zehar egiten den lan isilaren fruitu baizik, eta bertsolaritza transmititzeko egindako lan eskergaren ondorio zuzena. Gozatu eta gozarazteko unea iritsi da. Iritsi da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa”.

Zabaldu: