Duranako Gakobeltz Hit Faktorian grabatu dute kantua, zuzenean. Itziar Garaluce arduratu da irudien grabaketaz eta edizioaz eta iazko abenduan plazaratu zuten Sitsak diskoaren abestia da.
Izaki Gardenak taldeak duela hilabete pare bat argitaratu zuen Sitsak izeneko disko berezia. Bertan lau kantu berri bildu zituzten. Horretaz gain, 2017tik hona diskoetatik kanpo argitaratutako beste sei kanta ere bilduma berrian jaso dituzte. Tartean, pandemia garaian plazaratutako Oasia eta Benito Lertxundiren Bihotz kantaren moldaketa.
Ausartenak da lanak jasotzen duen kanta berrietako bat eta, orain bideoklip eta guzti aurkeztu nahi izan dute. Pieza Gakobeltz Hit Faktorian grabatu dute, Joseba Baleztena musikariaren gidaritzapean eta Miren Narbaizaren kolaborazioarekin (teklatua eta koroak).
Bideoklipari dagokionez, Itziar Garaluce artista bisualak egin du, filmatzeko era eta material zaharrak erabiliz eta, ondoren, pelikula moldatuz.
Hurrengo kontzertuak
Talde gasteiztarrak diskoaren aurkezpen birarekin jarraitzen du. Apirilean, gainera, beste bira txiki bat egingo dute Galizian, Artistas En Ruta egitasmoaren barruan. Hauek dira hurrengo zuzenekoak:
- 03-01, Oñati, Antixena (sarrerak bukatuta).
- 03-13, Gasteiz, Jimmy Jazz (M3moria zuzenean).
- 03-27, Legorreta, Herri Antzokia.
- 04-09, Ourense, Auriense.
- 04-10, Lugo, Clavicémbalo.
- 04-11, Ferrol, La Room.
- 04-12, Bueu, Aturuxo.
- 04-18, Ataun, Herri Antzokia.
- 05-28, Iruñea, Kantu eta Hitza