Jon Basaguren (argazkia: Izaki Gardenak)

Izaki Gardenak taldeak azaroan plazaratuko duen lan berriaren aurrerapen kantua aurkeztu du ‘Orube’ izenpean

Disko berriak azaroaren 20an ikusiko du argia. Boskoteak, gainera, zuzenekoetara itzuliko dela iragarri du. Dagoeneko gogotsu ari dira 2025aren hasieratik eskaintzeko asmoa duten emanaldiak prestatzen.

Sei urte igaro dira Izaki Gardenak taldeak Dena oskol argitaratu zuenetik. Pandemiak disko haren kontzertu bira eten zuen eta baita proiektuaren ibilbidea ere. Jon Basagurenek gidatzen duen taldea lozorroan izan da, eta taldekideak beste egitasmo batzuetan murgilduta ibili dira. Orain, baina, indarberrituta datoz bueltan, euren ibilbidean beste pauso sendo bat emateko gogoz.

Lan berria aurtengo udan grabatu zuten, Granadako La Mina estudioan, Raul Perezekin. Gasteiztarrek adierazi dutenez, iraultza ikaragarririk ez dago, agian, diskoan, baina berritasunak bai, soinuan eta kanten sortze prozesuan. Horren adibide da diskoari izena ematen dion Orube abestia, lehen aurrerapen gisa plazaratu dute gaur. Ukitu elektronikoak, efektudun gitarrak eta ia dantzagarri diren erritmoak daude honetan, “berehala itsasten den errepikara eramaten gaituzte”, diote.

Aldez aurreko salmenta martxan

Disko berriak azaroaren 20an ikusiko du argia, baina LP edo CD formatuan aldez aurreko salmentan eskuratzen dutenek astebete lehenago jasoko dute etxean. Honekin, zaleen konfiantza eta musika era fisikoan eskuratzeko hautua egin izana saritu nahi du talde gasteiztarrak.

Disko berria argitaratzeaz gain, boskoteak zuzenekoetara itzuliko dela iragarri du. Dagoeneko gogotsu ari dira 2025aren hasieratik eskaintzeko asmoa duten emanaldiak prestatzen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna