Uztailaren 24tik 27ra bitartean izango dira kontzertuak dohainik.
Donostiako 59. Jazzaldiak Zurriolako agertokira (Keler Gunea) igoko diren talde eta bakarlarien izenak ezagutzera eman ditu. “Jazzaldiko gunerik heterogeneoena eta jendetsuena izango da”, iragarri dute. Uztailaren 24tik 27ra bitartean, zortzi kontzertu eskainiko dira dohainik. “Talde euskaldunak, estatubatuarrak eta afrikarrak arituko dira bertan, eta askotariko estiloak entzungo dira, besteak beste hegoaldeko rock estatubatuarra, popa, musika urbanoa, teknoa, sustrai musikak, bluesa eta indiea”, adierazi du antolakuntzak.
Blues Garaikideko Album Onenaren Grammy saria irabazi berri duten Lovell ahizpak, Larkin Poe beren taldearekin batera, arituko dira uztailaren 24an. Ondoren, Izaro igoko da oholtzara. “Aukera paregabea izango da Cerodenero disko berriaz gozatzeko”. Egun horretan bertan, beste lau kontzertu izango dira Kursaaleko terrazetan: Bigyuki teklista eta Tomoaki Baba saxofonista japoniarrak; Marcin Masecki pianista poloniarra; Lakecia Benjamin saxofonista amerikarra; Eddie Henderson tronpetista handia, boskotean, Steve Davis tronbonistarekin, eta azkenik, Carolina Katum artista mexikarra, Akitanian ezarria.
Uztailaren 25ean, osteguna, Zurriolan bi euskal talde izango dira: batetik, Merina Gris, proposamen gipuzkoar garaikidea; eta bestetik, Shinova, penintsulako indie taldeetako bat.
Les Amazones D’Afrique taldeko abeslariak uztailaren 26an arituko dira. Egun berean, El Columpio Asesino taldeak agur esango die Zurriolako hondartzara hurbilduko zaizkien jarraitzaileei. Izan ere, bere ibilbideko azken biran murgilduta dago taldea.
Keler Guneko kontzertuei amaiera emateko, aurreneko eguneko estilora itzuliko dira, bluesaren eta hegoaldeko rockaren erreferentziazko North Mississippi Allstars taldearekin. Agertoki honi azken agurra emateko Chill Mafia iruindar taldea izango dugu edizio honetan.