(argazkia: Balaunka)

J Martina taldeak ‘Negu gorri’ bigarren lan luzea plazaratu du

Gazte bezala bizitzea tokatu zaien krisialdi garai nahasiari estuki lotutako egoerek eta ideiek definitu dute diskoaren kontzeptua: Melankolia, haserrea, etsipena, baina baita itxaropena, argia eta borrokarako grina ere. Hirukoak lantzen duen pop elektronikoa mantentzen da bigarren lan honetan ere.

2021ean Jaio Naiz Baina lehen diskoa argitaratu ostean, Kattalin eta Ane Barcena ahizpek eta Javier Jorajuriak osatzen duten taldea bueltan da Negu gorri izeneko bigarren lan luzearekin. Izenak berak dion bezala, gazte bezala bizitzea tokatu zaien krisialdi garai nahasiari estuki lotutako egoerek eta ideiek definitu dute diskoaren kontzeptua: Melankolia, haserrea, etsipena, baina baita itxaropena, argia eta borrokarako grina ere.

Balaunka diskoetxeak ohar batean adierazi duenez, “indar berezia hartzen dute abestietako mezuek, ahotsen eta soinuen doinu melodikoen formarekin jantzita”. Diskoan iraganari erreferentzia egiten dioten elementuak ere nabari direla dio etxeak: “introko abestiko bertsoek edo izenburuaren izen bera zuen Euskal Herriko talde historikoa adibidez, eta horrekin batera ageri dira erreferentzia garaikideen bitartez ausardiaz sortutako abestien estrukturak, sinteak etab.”

Balaunka etxearen arabera, J Martina taldearen esentzia mantentzen da bigarren disko honetan ere, eta hare gehiago, “oraingoan abestien intentsitatea handitu da, esateko moduaren eta poparen forma ezberdinen bilaketan aurrera pauso bat emanez”.

Zabaldu: