Jaio Lertxundiren ‘Mari, lamiak eta basoko aztarnak’ erakusketa ikusgai maiatzaren 12ra arte Iruñean

2019an, Iratiko oihanean argazkilariak hartu zituen naturako eszenak biltzen dituzten zazpi argazkik osatzen dute Ziudadelako labean paratu duten erakusketa hau.

“Haizea sentitu. Hostoak erortzen entzun. Ibaian murgildu. Naturaren besarkada sentitu”, horixe dena da Jaio Lertxundi artista bisualak (Donostia, 1977) Mari, Lamiak eta basoko aztarnak erakusketarekin proposatu nahi diguna, naturako elementu guztiak batu eta elkarlotzen diren argazki-erakusketan.

Erakusketa Lertxundik Iratiko oihanean 2019an hartu zituen naturako eszenak biltzen dituzten zazpi argazkik osatzen dute. Orduan hasi zen artista bisual honen azken urteetako bidea markatu duen proiektua; bide esperimental horretan natura ikonografiko eta mitologikoarekin jolasean ibili da lamien eta Mariren aztarnen bila. Lasaitasunera eta gelditasunera gonbidatzen duten argazkien bidez egiten du bide hori, ikuslea unibertso magiko batera eramaten duten argazkien bidez.

“Lurra besarkatuz korapilatzen diren sustraiak, zuhaitzen eta mendien isla uretan, dena bat den joko optikoan, zerua harramazkatzen duten adarrak, haizetan dantzan dabiltzan eta lurra estaltzen duten hostoak dira Lertxundiren kamerarekin atzemandako une magikoetako batzuk”, azaldu dute antolatzaileek. “Lertxundik bere gorputzean gauzatutako edo naturarekiko komunikazio delikatu baten bidez lotutako paisaiak eta lurraldeak ikertzen ditu, eta unibertso kaleidoskopikoen ikuspegiak islatzen dituzten irudikapen bisualak sortzen ditu, eta irudikapen horiek arkitektura natural eta intimoak proposatzen dituzte, esposizio anitz, isla edo eszenen bidez, berpiztearen eta eraldaketaren arteko hari mistiko bati esker”.

Erakusketak gizakiei naturara itzultzeko eta hura zaintzeko deia egin nahi die, bizitzarako duen garrantziagatik. Izan ere, bere argazkien bidez, Lertxundik arte jasangarriaren alde egiten du, gizakien, basoaren eta zuhaitzen arteko harremana aztertuz. “Bi alderdi dituen harremana da: bat hurbilago dago fantasiatik eta beldurretik, magiatik eta mitologiatik; besteak, berriz, arreta handiagoa jartzen dio bizitzaren elikagaia den naturaren zainketari”, azaldu du artistak.

Lertxundik, naturak eskaintzen eta ezkutatzen duen guztiaren gainean keinu txikiak eginez, gizarte-kontzientzia sortu nahi du, lurrari dagokion lekua itzuli eta gizakiaren eta naturaren arteko antzinako sinbiosi hori berrezartzeko eta, elkarrekiko zaintzan oinarritutako izaki bakar bat sortzeko.

Zabaldu: