Jakin-ek Martin Ugalderen obra digitalizatu eta sareratu du

Guztira 2.049 idazlan digitalizatu dira. Horietatik 1.662 idazlan dira kazetariak berak 58 urtez idatzi eta argitaratutakoak.

Martin Ugalderen (Andoain, 1921 – Hondarribia, 2004 ) jaiotzaren mendeurrenarekin bat eginez, Jakin-ek kazetari eta idazle andoaindarraren obraren digitalizazio eta sareratze lanaren aurkezpena egin du.

Digitalizazio lana 90eko hamarkadan hasi zuen Jakin-ek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, baina orain arte ez du argia ikusi.

Ugalderen argitalpenen digitalizazio egitasmo honetan, guztira 2.049 idazlan digitalizatu dira. Horietatik 1.662 idazlan dira kazetari eta idazleak berak 58 urtez idatzi eta argitaratutakoak.

Lehenengo dokumentu digitalizatua 1946koa da, El Diario Vasco egunkarian argitaratutako artikulua. Dokumenturik berrienak, aldiz, 2003an argitaratutako hainbat liburu eta artikulu dira. Gainerako 387 argitalpen digitalizatuak Martin Ugalderi egindako elkarrizketak, edota bere obraren inguruko azterlanak, erreseinak eta bestelako idazlanak dira.

Datu hauek kontutan hartzen badira, “Martin Ugalderen produkzioa ikaragarria izan zela esan daiteke, Txillardegi edo Joxe Azurmendiren parekoa”, nabarmendu dute prentsaurrekoan eta Ugalderen gainean ere asko idatzi dela gaineratu dute, “erreferentziazko idazle, kazetari eta pentsalaria izan da”.

Literatur sorkuntzazko lanez gain, Euskal Herriko historia, politika, kultura eta gizartea, euskara, kazetaritza eta euskal prentsa, hainbat pentsalari, zientzialari eta intelektualen pentsamendua eta lana, hezkuntza eta beste hainbat gai lantzen dira Martin Ugalderen obran.

Zabaldu: