Jaso ikastolaren ‘Sutan’ musikala izango da Ikastolak Herriari Jaialdiaren hirugarren ikuskizuna

Oraingo honetan, ikuskizunak feminismoaren eta genero berdintasunaren eremuak izango ditu ardatz. Hitzordua azaroaren 25ean izango da, ostiral honetan, Bilboko Campos Eliseos antzokian.

Iruñeko Jaso ikastolaren Sutan musikala izango da Ikastolak Herriari Jaialdiaren hirugarren ekitaldiko ikuskizuna. Ostiral honetan izango da, Bilboko Campos Eliseos antzokian. 100 pertsona baino gehiago arituko dira lanean: zuzeneko musika 37 musikarirekin, 30 antzezle, dantzari eta akrobatak, bideo-proiekzioaz jositako sei metrotik gorako altuera duen eszenografia batekin. Honen bitartez, ikastolen bost jaien aurtengo urteari amaiera emango diote. Gaur goizean aurkeztu du Ikastolen Elkarteak, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Hitza hartu dute Ibilaldia Kultur Elkarteko lehendakari Josune Bañalesek (ikastolen bost jaien izenean) eta Imanol Janicesek, Sutan musikalaren zuzendariak. “Aurreko bi urteetan, ikastolen jaiak bertan behera geratu edota formatu murriztuan eskaini behar izan genituen. Horrek gure jaiak euskal kulturaren agertoki handi izatea eragotzi zigun, baina urtea hutsik utzi beharrean, ikastolen jaiek, elkarlanean, euskal artisten ikuskizunen lagin bat erakutsiko zuen ekimena antolatu genuen: Ikastolak Herriari Jaialdia. Bi urte oso latz pairatu dituzten artistei aitortza egitea zuten helburu jaialdiok. Aurten gure jaiak berreskuratu ditugun arren, Ikastolak Herriari Jaialdiari eustea erabaki dugu ikastolen jaiek”.

Ekitaldi honetarako prestatu duten ikuskizuna Jaso ikastolaren Sutan musikala da, eta beraiekin batera, Iruñeko Gazte Orkestraren partaidetza ere izango da.

Hamar urte dira Jaso Ikastola musikalak sortzen hasi zela. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako berrogeita hamar ikasle inguruk (12 eta 16 urte bitartekoak) parte hartzen dute urtero berezko sormen proiektu honetan. “Ikastola honetako irakasle eta gurasoen borondatezko-lanaren laguntzarekin eta Imanol Janicesek eta Irantzu Zabaltzak zuzenduta, Sutan ikuskizun paregabea izateaz gain, ikastolako proiektu pedagogiko garrantzitsuenetako bat izatera iritsi da. Besteak beste, sormena, garapen emozionala, bizikidetza eta euskararen erabilera bezalako balore eta helburuak lortu nahi dituzte, arte eszenikoekin berariaz lotutako gaitasunez gain”.

Izan ere, beren ikaskuntza-helburua ez da soilik musikaleko parte-hartzaileen gaitasunak lantzea. Aitzitik, musikalaren gaiaren bidez gizarte-balioak eta jarrera positiboak ere lantzen dituzte. Horrela, Jaso Ikastolako musikalaren edizio bakoitzak gai sozial zehatz bat landu du, ikasleek beraiek aldez aurretik eztabaidatu eta aukeratutakoa. Oraingo honetan, Sutan ikuskizunak feminismoaren eta genero berdintasunaren eremuak ditu ardatz. Istorioa ‘atorgileen greba’-n oinarritzen da, XX. mendearen hasieran su hartu zuen New Yorkeko lantegi batean bultzatu zena. Hain zuzen ere, martxoaren 8ak, Emakumeen Nazioarteko Egunaren ospakizunak, gertaera honetan du jatorria.

Aurreko edizioetako formatu arrakastatsua errepikatuz, antzezpen, kantu, dantza, akrobaziak edo efektu berezietako ikuskizuna da musikala, prozesu artistiko osoan parte hartzen duten ikasleek beren kabuz diseinatu, sortu eta kudeatzen dutena. Besteak beste, gidoia, abestien egokitzapena, koreografiak, eszenografia, jantziak, atrezzoa, argia eta soinua, postprodukzio, marketin, babesletza, sustapen edo sare sozialen kudeaketa lanak euren gain hartzen dituzte, alor horietako zenbaitzuetan aditu diren profesional batzuen laguntzarekin.

“Jaso Ikastolaren ekimen eredugarri hau balioan jarri nahi izan dugu ikastola guztiok, eta hamar urteotako ibilbideari aitortza ere egin nahi diogu. Horregatik aukeratu dugu Sutan musikala aurtengo Ikastolak Herriari Jaialdiko ikuskizuna izan dadin”.

Hitzordua azaroaren 25ean izango da, ostiral honetan, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Emanaldi bat ez, bi egingo dituzte: lehena goizeko hamaiketan, ikasleentzako; saio irekia, berriz, ilunabarreko zazpietan izango da. Lehenbiziko saiorako, eserleku guztiak hartuta daude dagoeneko. Bigarrenerako, berriz, oraindik badira sarrerak salgai. Berauek aretoko leihatilan bertan, edota Campos Eliseos aretoaren webgunearen bitartez eros daitezke.

Zabaldu: