(argazkia: Kultur Sharea)

‘Jauzia gara’ lelopean, euskara biziberritzeko adostasun zabala lortzeko bidea abiatu du Eusko Jaurlaritzak

Irailetik aurrera jarriko da horretarako lan-dinamika martxan eta 2027an egingo den nazioarteko biltzar handi batekin amaituko da.

Datozen hamarkadetan euskararen oinarrizko printzipio eta ardatzei buruzko adostasun zabala lortzeko asmoz, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak 2027an Euskararen Erabilera Biziberritzeko Biltzarra antolatuko duela iragarri du.  “Oso urrats handiak egin dira, baina beste paradigma bat behar dugu, lortu dugunetik abiatuta jauzi kualitatiboa emango duen paradigma”, adierazi zuen atzo Pradalesek ekimena aurkezteko Bilbon antolatutako ekitaldi jendetsuan.

Hala, lehendakariak bi urteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko gizartearen inplikazioa bermatuko duen nazioarteko biltzar handiarekin amaituko den lan zabala eta sakona egitea proposatu zuen. Izan ere, “euskara biziberritzearen etorkizuna administrazio publikoetan baino gehiago, gure etxeetan, ikastetxeetako jolastokietan edo lantokietan jokatzen da”.

Horrenbestez, irailetik aurrera, hori gauzatzeko lan-dinamikari ekingo zaio: “begirada soziolinguistikotik helduko diogu bideari, euskararen erronka nagusiek lotura estua baitute erabilerarekin eta gizartean gertatzen diren aldaketekin”.

Pradalesek azaldu zuenez, “bestelako emaitzak lortu nahi baditugu, bestelako gauzak egin behar ditugu”. Ildo horretan, “ezinbestekotzat” jo zuen euskalgintzarekin eta euskararen egitura klasikoekin loturarik ez duten sektore, eragile eta pertsonak erakartzea: “atxikimendu emozionala eta konplizitate eta aliantza berriak eraiki behar ditugu euskara dutenen eta ez dutenen artean. Euskararen etorkizunak zubiak eta esperimentazioa eskatzen ditu. Bai euskara dakigunok euskara gehiago erabil dezagun, bai ez dakitenak erakar ditzagun”, adierazi zuen.

Bilboko ekitaldiak ideia hau izan zuen ardatz: “hitz bat nahikoa da euskara barruan eramateko. Hitz hori haztea da erronka”. Euskarak azken hamarkadetan izan duen ibilbidea eta etorkizunera begira duen erronka azaltzen duten bi bideoren bidez garatu da kontzeptu hori: “Garai batean zaila zen horiek (hitzak) aurkitzea. Euskarazko hitzak ez ziren gure kaleetan bizi. Pixkanaka-pixkanaka berreskuratu genituen. Banan-banan. Ahalegin handiz. Guztion artean “(…)”, oraindik ere euskarazko hitzak falta diren lekuak baitaude. Eta hitz batzuek bihotzak bilatzen baitituzte, haietan ezartzeko”.

Euskararen ibilbideari buruzko datuak:

Azken Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 2021ekoa, 16 urtetik gorako herritarren artean, 809.000 dira euskal hiztunak. 1991an, ordea, 528.000 pasatxo. Hau da, gaur, ia 281.000 euskaldun gehiago; gazteetan eman da batez ere gorakada itzela. Piramidea irauli da. 16 eta 24 urte bitarteko gazteen artean, 2021an, %58 ziren euskaldunak. 1991an, ordea, %22 pasatxo; eta erabilerari dagokionez ere, gorakada egon da. Gaur, duela 34 urte baino 4 puntu gehiago.

Legealdiko lehen urtea

Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, hitza hartzean, legealdiko lehen urtean egindako ekintzen errepasoa egin zuen: “Eusko Jaurlaritzak 600 eragileri eta 350 erakunderi baino gehiagori entzun die”, gizartearen kezkak ezagutu eta erabakirik onenak har daitezen. Hala, zenbait arlotan egindako urratsak azaldu zituen, hala nola, lan-arloan eta arlo sozioekonomikoan, hizkuntzaren ezagutzan eta ikaskuntzan, arlo digitalean, gizarte-harremanen arloan, eta hizkuntzari prestigioa ematearen arloan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna