(argazkia: Kultur Sharea)

[BIDEOA] Javier Perez artistaren ‘Presentziak Absentziak’ erakusketa paratu dute Donostian

Artista bilbotarraren sorkuntza-mundua ezagutzeko aukera ematen du erakusketa honek. Irailaren 25era egongo da ikusgai Donostiako Kubo-Kutxa aretoan.

Javier Perezen (Bilbo, 1968) obren bereizgarri nagusietako bat sinkretismoa da, bai prozedurei dagokienez bai erabiltzen dituen materialei dagokienez ere: eskultura, argazkia, marrazketa, bideoa eta performancea modu independentean erabiltzen ditu, eta batera, interakzioa eta ikerketa funtsezko ezaugarri dituzten instalazioak sortzeko.

Bere ibilbidean zehar, orotariko euskarriak erabili ditu: material organikoak, hala nola hesteak, larrua, zaldi-zurda, pergaminoak, latexa eta krisalidak; hauskorrak, beira edo portzelana, adibidez; eta solidoak, brontzea eta marmola, esaterako. Denei eskatzen dizkie artistak arrisku tekniko handiko egoerak, baina aukera paregabea ematen diote erabateko askatasunez mugitzeko bere sorkuntza-prozesuan.

Bere obrarekin, giza izateari buruz egin dituen ikerketak eta gogoetak erakusten ditu Perezek, metafora ugariko eta sinbolismo handiko hizkuntza baten bidez. Haren lanek atxikita dute dialektika, eta agerian uzten dute zein ahulak izan daitezkeen itxuraz elkarri kontrajarriak diren kontzeptuen arteko mugak; adibidez, naturala eta kulturala, barnekoa eta kanpoa, bizitza eta heriotza kontzeptuen artekoak. Fluktuazio ziklikoen ideia, zirkulartasuna, denborazkotasuna eta “inpermanentzia” dira artistaren ohiko gaietako batzuk.

Artistak gustuko du “tratatzea espiritualtasunaren eta haragikoitasunaren arteko topaguneak, purua denaren eta ezpurua denaren artekoak, ederra denaren eta izugarria denaren artekoak, erakarpenaren eta aldaratzearen artekoak. Nire obretan, ohikoak dira ikusleari obrak ulertzeko estadio desberdinak proposatzen dizkioten mugimendu zabukari horiek. Alderdi horiek guztiak uztartzen saiatzen naiz nire obrekin. Gizakia jartzen bere izatearen aurrez aurre eta ezin erakargarriagoa gerta dakiokeen horren guztiaren aurrez aurre. Bere erraiekiko erakarpena sentiarazten”.

Presentziak Absentziak erakusketak artista bilbotarraren sorkuntza-mundua ezagutzeko aukera ematen du. Lau aretotan barrena Perezek eta Alfonso de la Torrek erakusketa honetarako ehundutako istorioaren lau atalak daude ikusgai: Presentzia Absentziak, Pultsio Pultsazioak, Somnia Insomnia eta Bideak.

Zabaldu: