(argazkia: Iker Azurmendi)

‘Jazzaldia. Irudi bidaia’ erakusketa zabalik da Donostiako San Telmo Museoan

Museoko Laborategia aretoan egongo da ikusgai irailaren 28ra arte.

Donostiako Jazzaldiak eta San Telmo Museoak Jazzaldia. Irudi bidaia izeneko erakusketa antolatu dute. Lolo Vasco Jazzaldiko egungo argazkilariak komisariatu du, eta 1966an burututako lehen ediziotik 2024ra bitarteko 200 irudi baino gehiago biltzen ditu.

1964ko maiatzean, Imanol Olaizola Kultur eta Turismo Ekintzetxeko (KTE) Musika Batzordeko arduraduna, Count Basie eta bere Big Band-en kontzertu batean izan zen Parisko Salle Pleyel-en eta, entzuleen harrera ona harrituta, musika hori Donostiara ekartzea proposatu zuen. Hainbat saiakera egin ondoren, 1966ko irailaren 10ean entzun zen jaialdi beterano honen lehen musika nota, Europako jazzaren udako topagune garrantzitsuenetako bat bihurtu dena.

“Lehen kudeatzaileen lan onak eta gogo biziak lortu zuten jaialdi honen ibilbidean mugarri izan diren arrakasta handietako lehena: Trinitate plazan kokatu zuten. Ordutik, hiria musikaz betetzeko asmoz, Jazzaldiak hainbat gunetan banatzen ditu agertokiak, gero eta publiko jendetsuago eta heterogeneoagora iristeko”. Azaldu du antolakuntzak.

Jazzaldiko argazki artxibokoak dira erakusketa osatzen duten irudi gehienak, Antonio Alonso, Iñaki Agirre, Hilario Garrudo, Pedro Parraga eta Lolo Vasco argazkilariek jaialdirako propio eginak. Beste argazki sorta Jazzaldiko ohiko argazkilari freelance-ek dakarte, erakusketan kolaboratzera gonbidatu dituztenak: Jose Horna, Davit Amunarriz, Inma Casanellas, Joan Cortes, Guille Garcia, Jokin Fernandez, Iñaki Luis, Antonio Torres, Pepe Mateo eta Juan G Andres.

Antolatzaileen esanetan, “erakusketa bidaia bisual bat da, ez kronologikoa, Jazzaldiko agertokietan bizi izan diren zenbait une berezirekin eta jaialditik igaro diren artista nagusien erretratuekin. Donostiako historia hurbilaren parte den irudi sorta bat”.

Jazzaldia. Irudi bidaia erakusketa museoko Laborategia aretoan egongo da ikusgai irailaren 28ra arte, doako sarrerarekin.

Zabaldu:

Utzi erantzuna