Euskal mitologian oinarritutako ikuskizunaren bi emanaldi ikusteko aukera egongo da: lehenengoa arratsaldeko 19.00etan,bigarrena, berriz, 21.00etan.
1.981an sortu zen Jentilen Etorrera eta bi urtez behin, azaroaren lehen asteburuan, ospatzen da. Euskal mitologian eta esaera zaharretan oinarritzen den ospakizun eta ikuskizun berezi hau, beraz, bihar, hilak 6, egingo da Ataunen. Antolatzaileen arabera, herriaren sinesmen, kontu zahar eta kondairak daude ekimen honen oinarrian: “Mitologia oso barruan du jendeak Ataunen. Inguruaren interpretazioa: erabat sinetsita batzuetan eta jendearen entretenigarri beste batzuetan. Hau izan zen guretzat, honelako ekimen bati heltzeko sustrai edo arrazoi nagusia”.
Jentilbaratza Kultur Elkarteko kideek azaldu dutenez, “txikitatik entzun, sinestarazi eta amestutako kontu zaharrak, gure aitona-amonek eta gurasoek azaltzen zizkiguten istorio eta ipuin harrigarriak gaur egun apenas ezagutzen dira. Mundu magiko hura desagertzear dago eta guk eutsi egin nahi diogu edota gure ondorengoei ezagutarazi behintzat”.
Hala, herriko seme kuttun eta euskal etnologo ospetsu izan zen Joxemiel Barandiaranek batez ere bildu eta jaso zituen hainbat istorio, kontakizun, esaera eta leku mitologiko urtez urte azaltzen eta jendeari iristen ahalegintzen da elkartea. “Helduak gustura egoten dira aspaldiko garaira itzultzen direlako eta haurrak liluraturik mundu berri bat sortzen zaielako”.
Jentilen Etorrerak ahoz aho eta mendez mende iritsi diren jentil, sorgin, Torto, Azti, Basajaun, Samartin Txiki, Marimunduko, Kixmi eta beste pertsonaia mitologiko asko biltzen ditu.
Ekitaldia bi zatitan banatzen da: “Hasieran, eguzkia ezkutatzean, jentilak, larruzko jantziekin eta zuzien argiarekin, menditik jaisten dira sorginekin batera. Herrian, Udaletxe aurrean, Alkatea buru dutela, Erretorea, medikua, Eskribaua, Samartin Txiki eta herritarrak zain. Bertan lehen hartu emana eta ongietorria egiten da. Ondoren, desfilea eta herriko kaleetan bandoa joz, ikuskizuna egiten den lekura joaten dira, denak batera”, azaldu dute.
Desfilean, jentilek, sorginek eta herritarrek, denek hartzen dute parte. “Herria ordezkatzen dutenen artean, garai bakoitzeko pertsonaien jantzi, lanabes eta bizimodua ahalik eta modu egokienean errekuperatu nahi izaten da. Baserritarra gurdia idiekin bultzatuz edota errementeria, artzaina, talogileak, … Garai bateko bizimoduaren erakustoki egokia bihurtzen da”.
Bigarren zatia ikuskizuna bera izaten da. Honetan, mitologian oinarritutako bi pasarte edo legenda antzezten dira, urtero desberdinak. Ahal dela, Ataun berarekin zerikusia duten esaunda zaharrak gaitzat hartzen badira ere, Euskal Herri osoan ezagunak diren pasarteak dira gehienak eta hauek urtero ematen dute aukera gauza berriren bat egiteko.
Pasarteen errepresentazioa aberatsagoa izan dadin ikuskizuna, herriko abesbatzaren eta dantza taldearen parte hartzearekin hornitzen da. Bertsoak eta koplak ere ez dira faltatzen.
Informazio gehiagorako, hemen.