Jexuxmai Lopetegi musikari zarauztarrak ‘Ez da horren sinplea’ diskoa kaleratu du

Zarauzko musikariak Mikel Lazkano eta Harkaitz Canorekin batera aurkeztuko du bere azken lana gaur arratsaldean Garoa liburu-dendan.

 Jexuxmai Lopetegiren Ez da horren sinplea  diskoa hamabi kantuz osatuta dago eta hauetan rock klasikoaren legean egindakoak zein intimismo akustikorantz lerratutakoak aurkituko ditugu. Lopetegik bere gitarraz modu soil eta biluzian abestutako kantu barnerakoiak dira denak. Plazatik etxeko logelara eta kemenetik sosegura joan-etorrian, batzuetan liriko eta umoreari keinu bat eginez beste batzuetan.

Raymond Carverren Sinplea poematik atera du Lopetegik diskoaren izenburua. Harkaitz Canok euskaratu du poema eta harenak dira diskoko kanturik gehienen letrak, baina ez guztiak, izan ere,  Joseba Sarrionandiaren aspaldiko testu bat ere bada, bai eta Anjel Lertxundik aspaldian idatzitako poema “ganberro” bat ere. Diskoa ixteko, musikariak berak sortutako letra hunkigarri bat ere bada, bere anaia zenari eskainia.

Ez da horren sinplea disko bat su motelean eta horrenbeste lagunekin ekoiztea. Hogei musikaritik gora izan ditu lagun zarauztarrak lan honetan, gitarra elektrikoei uko egin gabe, akustikoa, metal sekzioak, kontrabaxua, dobroa eta mandolina ere ekarri ditu, besteak beste, konposizioei ñabardurak eta zirrara eransteko.

Produkzio lanetan Unai Moraza teknikaria izan du lagun, eta Satxa Soriazuk bi kantu ekoitzi dizkio.

Musikariak Mikel Lazkano eta Harkaitz Canorekin batera aurkeztuko du bere azken lana gaur arratsaldeko 19:00etan, Zarauzko Garoa liburu-dendan.

Zabaldu: