Joan Mari Irigoienek ‘Sorgin-argien ehizan’ poema-liburu berria idatzi eta ‘Babilonia’ nobela klasikoa gaurkotu du

Poesia liburu berrian bere sakoneko kezkak dakarzkigu egileak.

Bi argitalpen berrirekin heldu da Joan Mari Irigoien idazlea (Altza, Donostia, 1948) Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkera: batetik, orain dela 33 urte idatzitako Babilonia nobela klasikoaren edizio gaurkotua dakarkigu, Irati Jimenezen sarrera jantzi eta dotore batekin; bestetik, Sorgin-argien ehizan, oraintxe ondu duen poema-liburua, genero honetako zortzigarrena.

Poema liburu berriari dagokionez, bidaia-kaier baten antzera, Kanariar irletako txokoen tituluak ematen dizkie poeme izeinak, baina mamiak ez du hainbesteko zerikusirik hango bazterrekin; izan ere, egileak bere sakoneko kezkak dakarzkigu olerki-itxurapean. Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak azaldu duenez, liburu berriak bi gai nagusi ditu, “batetik, liburuaren lehen partean, poema sozialak dei ditzakegunak datoz: gerraren eta inperialismoaren arbuioa, injustizia guztien salaketa, handikien kontrako aldarria. Bestetik, bigarren partean, poesia espiritualagoari egiten dio bidea, eta goranahi horren isla da hirugarrengo partea ere, Leiren kokaturikoa eta argitasunezko esperientzia bat kontatzen duena”.

Babilonia nobela klasikoaren bertsio gaurkotua

Irigoienek 1989an idatzi zuen Babilonia liburua eta Irati Jimenez idazleak aurkeztutako edizio gaurkoturako hitzaurrea idatzi du. Mundakarraren ustez, liburua oraindik ere gaurkotasuna du “anaitasunik gabeko gizonkeri baten desgrazia barrutik kontatzen zaigu etorkizun batetik, non beste posibilitate humano bat ere badagoen”.

Zabaldu: