(argazkia: Usurbilgo Udala)

Joan Mari Torrealdai beka sortu dute, kultur ikerketak eta egitasmoak sustatzeko

Joan Mari Torrealdairi aitortza eta omenaldi gisa sortu dute beka Jakin Fundazioak eta Usurbilgo Udalak, haren jardunari jarraipena emateko helburuarekin. Euskara eta kultura gaurko eta biharko gizartean izango da bekaren lehenengo deialdiaren gaia eta urriaren 24ra arte izango da proposamenak aurkezteko epea.

 Jakin Fundazioak eta Usurbilgo Udalak Joan Mari Torrealdai beka sortu dute, kultur ikerketak eta egitasmoak sustatzeko helburuarekin, bereziki, Torrealdaik berak jorratu zituen esparru nagusietan. Halaxe jakinarazi dute Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak eta Lorea Agirre Jakin Fundazioko zuzendariak, Jakineko teknikari Haritz Azurmendirekin eta Torrealdai zenaren seme Manex Torrealdai Gorritirekin batera. Lau urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute bi erakundeek, eta bi urtean behin egingo dute deialdia: lehenengo urtea ikerketa gauzatzeko izango da, eta bigarrena, lana gizarteratzeko.

Usurbilgo alkateak gogoratu duenez, aspaldikoa da Udalaren eta Jakin Fundazioaren arteko elkarlana: 2017az geroztik, Jakin Jardunaldiak antolatzen dituzte, UEUrekin batera. Urteotan landutako “konplizitateak eta elkarrekiko konfiantzak” ahalbidetu du, orain, Joan Mari Torrealdai beka ere elkarlanean sortzea. Hain zuzen ere, Jakin Jardunaldiak Usurbilen egitea ez da kasualitatea, Torrealdaik Usurbilen utzitako arrastoaren erakusgarri baizik, Solaberrietak nabarmendu duenez: “Herria eta unibertsitatea, jakintza eta jendea batzeko xedez abiatu zen, bere bultzadaz, besteak beste, Usurbil euskal kulturaren altzo izan zedin”.

Aurtengo Joan Mari Torrealdai bekaren gaia Euskara eta kultura gaurko eta biharko gizartean izango da, Azurmendik jakinarazi duenez. Torrealdaik, bere obran (Euskal idazleak gaur eta Euskal kultura gaur liburuetan, besteak beste), kultura garaikidearen inguruan egin izan zuen gogoetaren izpiritua ekarri nahi du bekak: garaiko egoerak aztertu eta etorkizunerako bideak planteatu. Ildo horretan kokatzen da bekaren gaia: “Gaur egun euskarazko kulturaren askotariko arloetan dauden ze eztabaidetatik, ze esperientzietatik atera daitezke etorkizunerako irakaspenak? Non daude etorkizun desiragarriago baten aztarnak gaur egungo euskal kulturan? Edo, alderantziz, nolakoa imajinatzen da gaur egun etorkizuneko euskal kultura desiragarri bat?”.

Bekaren bidez egindako gogoeten edo ikerketen emaitzak askotariko formak izan ditzake: liburua, ikus-entzunezkoa, webgunea, erakusketa… Banaka edo taldean parte hartu daiteke, eskakizunak jmtbeka@jakin.eus helbidera bidalita. Proposamenak bidaltzeko azken eguna urriaren 24a izango da.

Ikerketa-proiektuak baloratzeko prozesua itsua izango dela nabarmendu dute, hau da, epaileek ez dute jakingo proiektuen egileak zein diren. Proiektuak baloratzeko hainbat irizpide finkatu dituzte: proiektuaren originaltasuna, ikerketak gizartean izan dezakeen eragina edo interes soziala, proiektuaren egingarritasuna, zehaztasun eta egokitasun maila eta proiektuak genero-berdintasuna sustatzea. Erabakia deialdia itxi eta hilabetera jakinaraziko dute.

Bekaren irabazleak 14.000 euro jasoko ditu lana egiteko, eta 18 hilabeteko epea izango du lanaren emaitza antolatzaileei helarazteko. Izendapena jaso eta bederatzi hilabetera, dena den, irabazlea epaimahaikideekin eta antolatzaileekin bilduko da, lanaren jarraipena egiteko. Lanaren jabetza intelektuala egilearena izango da. Antolatzaileek beren gain hartuko dute lanaren gizarteratzea, beti ere egilearekin adostuta.

Zabaldu: