(argazkia: Gabriel Ramon)

Joan Mirok ‘Tête’ eskulturarako egindako modeloa ikusgai San Telmo Museoko Nabarmendutako Obra atalean

Igeltsuan egindako lan bat da, eta sormen-prozesuaren bitarteko fase bati dagokio, lan erabat behin-behinekoa eta ezinbestean suntsitua edo ahaztua izateko sortutakoa.

Maiatzaren 27tik urriaren 19ra bitartean, Joan Mirok Tête eskulturarako egindako igeltsuzko modeloa ikusgai egongo da Donostiako San Telmo Museoko Nabarmendutako Obra atalean. Lana 1978. urtean sortu zuen, 111 x 67 x 25 zm neurriak ditu eta bilduma partikular batetik etorri da.

Maria Bolaños arte historialariak adierazi duenez, “hona hemen Miro ezezagun eta bakana, salbuespenez gordetakoa. Igeltsuan egindako lan bat da, eta sormen-prozesuaren bitarteko fase bati dagokio, lan erabat behin-behinekoa eta ezinbestean suntsitua edo ahaztua izateko sortutakoa. Eredu horretatik abiatuta, obraren handiagotze bat agindu zuen egileak, behin betiko obra brontzean moldatzeko baliagarria izango zena, 1978. Urtean”.

Bolañoren arabera, “begiak estalita zituela ikasi zuen Mirok margotzen, bolumenak haztatuz, eta behin baino gehiagotan aitortu zuen bere eskuekin substantzia manaerraz eta otzan hori oratzean sentitzen zuen plazer fisikoa, bere irudizko munduaren genesiaren lekuko izatea ahalbidetzen zion plastikotasun egokiko substantzia hori eskukatuz. Ezaugarri horiek nabarmentzen dira lan honetan: igeltsuaren zuritasun mate eta laua, argia atzitzeko duen gaitasuna, bere xehetasun milimetrikoen plastikotasuna, bere laztasuna eta aldi bereko grazia dotorea”.

Joan Miroren eskulturarako bokazioa berandu sortu zela nabarmendu du historialariak: 1944. urte inguruan, mundu-gerra betean. “Ordutik aurrera, pasioz ekin zion arte horri, eta bere pintura bezain poetikoa izan zen, baina desafiatzaileagoa, dena den. Inspirazio mirotarraren barrena erakusten digu eskaiola honek: artistak eguneroko gauzengatik zuen amodio «frantziskanoa», goxoki baten bilgarriarekikoa, esate baterako. Bere irudimen asoziatiboaren indarraren bultzadaz, jatorrizko papertxo hori metamorfizatzen du arian-arian artistak, azkenean, paperaren tortsioei eta errotuladorearekin gehitutako trazu gutxi batzuei esker, gizaki itxura hartzen duen arte. Baina gizaki forma kezkagarri bat da emaitza, «munstro bizidun» bat, totem bat, isekaren eta izu-ikararen nahasketa bat, igeltsuaren zuritasunak bitxikeriaz tindatzen duena”.

Nabarmendutako obra

San Telmo Museoak Nabarmendutako obra programa 2023an jarri zuen martxan, denbora batez arreta obra jakin batera erakartzeko, bere ezaugarriengatik, gaurkotasunagatik edo bakantasunagatik azpimarragarria denean.

Zabaldu:

Utzi erantzuna