(argazkia: Arriaga)

Joana Otxoa de Alaiza eta Alex Gurrutxagaren ‘Txori kantazale’ ikuskizuna taularatuko dute bihar, Arriagan

Ikuskizun honek parentesi bat propo­satzen digu, “geldialdi labur bat eguneroko bizitzan, Xabier Leteren obran murgildu eta haren hitz eta doinuekin beste behin ere hunkitzeko”. Kontzertua 19:30ean izango da.

Bihar, asteazkena, Literatura eta Musika Euskaraz zikloari ekingo diote berriz ere Bilboko Arriaga Antzokian, Joana Otxoa de Alaizak eta Alex Gurrutxagak sortutako Txori kantazale ikuskizunarekin. Oraingoan ere, Antzokiko foyerrean eskainiko dituzte emanaldiak.

Azaldu dutenez, “ibilbidetxoa eginda iritsiko da Txori Kantazale Arriagara. 2020an Eusko Ikaskuntza saria jaso ondoren, disko-liburuak argia ikusi zuen 2022an. Ordutik, garatuz joan da Txori kantazale, emanaldiz emanaldi, zuzenekoetara egokituz”.

Topaketa intimo bat proposatzen dute Joana Otxoa de Alaizak eta Gurrutxagak. Horretarako, “Arriaga leku ezin bereziagoa da, hemen egin baitzuen Xabier Letek jendaurreko azken agerpen ofiziala, eta, orduan bezala, oraingoan ere bidaide izango dute Joxan Goikoetxea akordeoilaria”.

Ikuskizun honek parentesi bat propo­satzen digu, “geldialdi labur bat eguneroko bizitzan, Leteren obran murgildu eta haren hitz eta doinuekin beste behin ere hunkitzeko”. Hitzez lagundutako piano kontzertu bat da, edo, bestela esanda, “piano musikaz jantziriko kontakizun bat. Kontakizunaren bidetik aurkituko ditugu Leteren abestien berrinterpretazioak, haren gustuko melodiak, poema ezagunak eta abesti ezezagunak”.

Zabaldu: