Leitzako saioan zehaztuta geratu da azaroaren 28an Iruñeko finalean kantatuko duten bertsolariak: Eneko Lazkoz, Julio Soto, Joanes Illarregi, Saioa Alkaiza, Josu Sanjurjo, Xabat Illarregi, Xabier Silveira eta Eneko Fernandez Maritxalar.
Leitzan jokatu da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa, 500 lagun baino gehiagoren aurrean. Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatu du saioa, Leitzako Udalaren laguntzarekin. Han aritu dira kantari, zozketak agindutako ordenean, ondoko bertsolariak: Xabier Silveira, Eneko Fernandez, Julen Zelaieta, Joanes Illarregi, Iker Gorosterrazu eta Sarai Robles. Horien denen artean, Joanes Illarregik eskuratu du puntu gehien (495,5), eta beraz, azaroaren 28an Iruñean jokatuko den finalerako sailkapen zuzena eskuratu du.
Leitzako finalaurrekoarekin, argitu da finalean ariko diren zortzi bertsolarien zerrenda (hiru finalaurrekoetako irabazleak, eta puntuazioaren araberako beste bost sailkatu):
1. Eneko Lazkoz Martinez (Altsasuko saioko irabazlea)
2. Julio Soto Ezkurdia (Berriozarko saioko irabazlea)
3. Joanes Illarregi Marzol (Leitzako saioko irabazlea)
4. Saioa Alkaiza Guallar
5. Josu Sanjurjo Altzuri
6. Xabat Illarregi Marzol
7. Xabier Silveira Etxeberria
8. Eneko Fernandez Maritxalar
Azaroaren 28an jokatuko da finala, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, arratsaldeko 17:00etan hasita. Sarrerak eskuragai daude dagoeneko, www.bertsosarrerak.eus atarian.