Joe Saccoren ‘Palestina’ komikia euskaratu du Julen Gabiriak Astiberri argitaletxearen eskutik

Saccoren aurreneko kazetaritza-lan handia izan zen. Komikigile eta kazetaria Gaza eta Zisjordaniako herritarren bizitzan eta kulturan murgildu zen eta esperientzia haren ondorioz jaio zen Palestira eleberri grafikoa.

1990eko hamarkadaren hasieran, Joe Sacco komikigile gazteak Palestinara bidaiatu zuen, eta han bizitakoak komikiaren forma artistikopean dokumentatzea erabaki zuen. Merkatuetan paseoan ibili zen, presoei elkarrizketak egin zizkien, manifestariekin solasean aritu zen, nekazariekin bazkaldu zuen, ospitaleetako gaixoak bisitatu zituen, eta, finean, Gaza eta Zisjordaniako herritarren bizitzan eta kulturan murgildu zen.

Esperientzia zirraragarri haren ondorioz sortu zen Palestina, Saccoren aurreneko kazetaritza-lan handia, eta azken urteotan argitaratu den obra politiko eta historikorik onenetakoa.

Saccok Palestina kaleratu eta bi hamarkadara, euskaraz ikusi du argia orain eleberri grafiko honek, Julen Gabiriaren euskarazko itzulpenari esker.

Astiberri argitaletxearen eskutik euskaratu du Gabiriak komikia, eta azaldu dutenez, “nobela grafiko hau kazetaritza berriaren oinordeko zuzena da, eta komiki-kazetaritza deitutako korrontearen funtsezko pieza: dokumentu etnografiko aparta, garai hartako kronika garratza eta denboran gehiegi luzatzen ari den gatazka bati buruzko ikuspegi ezin pertsonalagoa izateaz gain, zinez liburu baliagarri eta esanguratsua da Ekialde Ertainak geopolitika garaikidean jokatzen duen eta garai hartan jokatzen zuen rola ulertzeko”.

Palestina Art Spiegelmanen Maus sarituarekin konparatu izan dela nabarmendu argitaletxeak, “Saccoren lan hau trebezia eta distira handiz barneratzen delako sozialki eta politikoki oso delikatua den gai batean, komikigintzaren mugetatik irten gabe”. Edizio berri honek Edward Said idazle, kritikari eta historialari ospetsuak idatzitako hitzaurrea ere badu; hain zuzen ere, Said Ekialde Ertaineko gatazkaren inguruko aditurik errespetatuenetakoa da mundu osoan. Obrak American Book Award saria irabazi zuen 1996an.

Zabaldu: