(argazkia: Udako Euskal Unibertsitatea)

Jokin Apalategik eta Paulo Iztuetak ‘Maite Idirin, herrigintza kantuz’ liburua kaleratu dute

UEUren eskutik ikusi du argia liburuak eta kantariaren ibilbidea kontatzen du.

Jokin Apalategik eta Paulo Iztuetak Maite Idirin, herrigintza kantuz izeneko liburua aurkeztu dute Baionan, Udako Euskal Unibertsitatearen eskutik.

Maite Idirin da liburu honen protagonista, eta haren ibilbidearen hasiera 1968an kokatu dute egileek, urte horretan hasi baitzen kantatzen, Zeberion. Baina, 1969an, Parisera alde egin behar izan zuen, ihesi. Urte horretako abuztuan, Iztueta ere hiri horretara ailegatu zen, hau ere iheslari; ordurako oso lagun bilakatuak ziren, Atahualpa Yupanquiren diskoa zela eta. Bertan, Apalategirekin elkartu ziren, zeina jadanik 1967tik ikasketak egiten ari baitzen.

Idirinek, 1969ko urritik aitzinera, gauero ordu-erdi batez kantatzen zuen Parisko Candelaria kafe-antzokian. Iztueta eta Apalategi Vincennes-ko Unibertsitatean Soziologiako ikasketak egiten ari zirenez, Idirin berehala eman zuen izena bertan, baina, aldi berean, Europan zehar kantuz ibiltzen zen, gehienbat Belgikako Flandrian, baina baita Jugoslavian, Italian eta Alemanian ere. Musikariez gain, Paulo eta Jokin bilakatu ziren haren laguntzaileak. Egoera bereziko mundu horren berri xehea ematen da liburu honetan, Atahualpa Yupanqui, erbesteratzea, Europa, euskara eta Ahizpatasuna gai nagusi bilakaturik.

Apalategi Soziologian doktorea da, Gizarte Psikologiako katedraduna eta Idirinen senarra. UEUk ondorengo elkarrizketa egin dio:

Maite Idirin, herrigintzan kantuz liburua argitaratu berri duzu Paulo Iztuetarekin batera. Nola sortu da ideia?

Maite gaixorik jarri zenean neure buruari galdetu nion ea ezingo nuen zerbait egin Maiteren historiaz bera oraino bizirik dagoenean. Horrela alaitasun bat emango nion bizirik dagoen bitartean.

Zeberion hasi zen kantatzen, 1969an, eta urte berean aurkeztu zuen bere lehen diskoa. Bizkor erakarri zuen entzulea haren kantuak.

Egia esan, zeharo lasterka, ezerezetik gauzatzera igaro zen bere gogoan bizi zuena. Baina, Maite, bere bizitzako mugimendu guztietan izan da horrelakoa.

Kantagintzarekin herrigintza zerbitzatzeko hautua hartu zuen. Ondorioak izan zituen horrek.

Kantagintzan hasterako herrigintzan konprometiturik zebilen, noski. Horrela ulertzen da hain fite bi jokabideak hain sendo lotu izana. Bistan da hori ondorioz josita egon zela. Kantua eta militantzia mota bat hain argi eta garbi lotzean ez zegoen ezbairik bera nondik nora zebilen.

Parisen elkartu zineten hirurok eta egoera berezi horretako bizipenak jasotzen dira liburuan: erbesteratzea, Europako birak…

Halabeharrez, Maite, Paulo eta Jokin elkarrekin aurkitu ginen goizetik gauerako bide laburrean. Horrek, besteak beste, adierazten du, bakoitzak berean, baina antzeko jokabideak genituela garai hartan hirurok.

Kantagintzan egindako ibilbidea dokumentatu da liburuan: garaian garaiko argazkiak, abestien pentagramak, letrak… Zer jaso nahi izan duzue?

Kantagintzan egindako ibilbidea oso argazki gutxirekin ilustratu dugu, jakinean, ehunka argazki dauzkagula horri loturik gure etxean. Gero, galdera egin izan diogu geure buruari, ea emandako argazkiak ongi hautatu ditugun ala ez. Beharbada, oso bestelakoak baina aberatsak ere bazterturik gelditu zaizkigu gutxinez oraingoan. Hori dela eta, osagarri ezinbestekoa izan da abestien pentagramak eta letrak argitara ematea. Egunen batez, beste norbaitek erabili nahi baditu, beste aukera batzuk ukan ditzala kontuan izan dugu hori horrela egitean.

Zer da liburuarekin lortu nahi duzuena?

Uste dugu milaka eta milaka lagunek zoriona adierazi dutela hainbat aldiz eta bizirik irauteko modu bat izan daitekeela horrela landutako liburua plazaratzean. Eta mereziko luke, euskal kantagintzaren urte zoriontsu haiek, besteak beste, bizirik irauteko balioko balu argitaratu dugun liburuak.

UEUrekin liburu hau argitaratzea ere ez da kasualitatea.

Inolaz ere ez da kasualitatea UEU argitaldari bilakatzea. Azken funtsean, UEUko kide bakoitzak bere neurrian eta egoeratik antzeko ibilbideak bizi izan baititu urte luzeetan, noski. Horrela, bada, UEU baino argitaletxe hoberik ez genuen ikusten Maiteren lanaren berri zazpi eskualdeetara zabaltzeko. Gainera, Maite bera hainbat urtez, UEUn, udako ikastaroetan, kantu irakasle ere izana dugu!

Zabaldu: