Aroa Arrizubietak jantzi zion txapela Onaindiari eta urtero txapeldunez txapeldun ibiltzen den egurrezko mikrofonoa ere jaso zuen haren eskutik. Onaindiarekin batera, June Astegieta izango da Arantzako Euskal Herriko Eskolarteko finalean kantuan arituko den beste finalista arabarra.
Larunbatean egin zen XXX. Arabako bertsolari gaztetxoen Eskolarteko finala Aramaioko Kultur Etxean. Bertan, 14 eta 18 urte bitarteko sei finalista gazteak aritu ziren kantuan: Anitz Abarrategi, Garai Agirre, Jokin Onaindia, June Astegieta, Maia Ortiz de Zarate eta Urko Lafuente Peru Abarrategiren aginduetara.
Arabako Bertsozale elkarteak azaldu duenez, “lehenik, zortziko handian bina bertso kantatu behar izan zituzten, batxilergoko notak, zortzimilako mendietara espedizioak eta gurasoak izan zituzten hizpide. Ondoren, zortziko txikiaren txanda izan zen hurrena udalekutan, jatetxe exotikotan eta alaba-aita arteko elkarrizketetan murgilduta egon ziren umore ederrean. Bakarka puntuei azkar erantzun ostean, gaiari bertso bat botatzeko ordua heldu zen”.
Endika Jimenez, Aitor Jimenez, Ekaitz Samaniego eta Egoitz Martinez de Albenizek osatu zuten epaimahai eta hauek emandako puntuazioaren arabera, ekainaren 14an Arantzan jokatuko den Euskal Herriko eskolarteko finalean Jokin Onaindia eta June Astegieta arituko dira Arabako ordezkari gisa.
Aroa Arrizubieta Arabako bertsolari txapeldunak jantzi zion txapela Onaindiari eta urtero txapeldunez txapeldun ibiltzen den egurrezko mikrofonoa ere jaso zuen haren eskutik.