2021eko otsailaren 14ra arte Tabakalerako Kutxa Kultur Artegunean ikusgai egongo da erakusketa.
Galerna Jon Cazenave (Donostian, 1978) argazkilariak 2007tik aurrera garatutako proiektua dugu. Egitasmoa euskal gatazkaren azterketatik abiatzen da, eta modu generikoago batean bere jendearen izaera, historia eta elezaharretan sakontzen du.
Cazenavek ez dio bere identitate politiko edo nazionalari modu espezifikoan heltzen, urteak igaro ahala, partikularretik unibertsalera, konkretutik abstraktura egiten du bidea. “Galerna hasiera- eta jaiotza-bidaia bat da. Erantzun eztabaidaezin eta ziurrez beteriko helmuga batera eraman beharrean, jatorri guztien jatorrira eramaten gaituen bidaia da, baretasun-lurralde bakarrera, berak erantzun posible bakar gisa proposatzen duenera”.
Erakusketa zortzi gunetan banatuta dago: Sarrera, Gatazka, Basoa, Paisaia, Haitzuloa, Itsaso hedatua, Geometria eta paisaia, Harriak eta pigmentua. Bidaia pertsonal baten etapak dira hauek.
Argazkiek, risografiek eta Ama Lur filmak ibilbide bat marrazten dute, eta horren bidez artistak bere nortasuna aztertzen du bere inguruneari begira. Bide horretan, azkenean natura agertzen da elementu askatzaile gisa.
“Hasierako tentsio eta beltz sakonetik abiatuta, baso misteriotsutik eta haitzulotik igaroz, bisitariak itsaso haserretuari aurre egin behar dio: enbata bortitzetan ateratako 24 argazkiz osatutako panel bat, lehorraren kontra haustean olatuen indarra erakusten duena; eta beste bat, itsasoaren arnasketa irudikatzen duten 210 irudiz osatua, arroken kontra talka egiten duten olatuen argazkiak, sei minututan zehar eginak.
Amorruaren ondoren, baretasuna. Cazenave mendira hurbiltzen da, eta han agerian uzten du naturalaren geometriak, askapenak, babesak eta baretasunak ematen dizkiotena.
Cazenavek hamar irudiz osatutako serie batekin amaitzen du bere ibilbide berezia, bere bilaketari erantzun berri bat emanez. “Koloretako pigmentuz hornitzen da, lurreko substratuak, berak jaso eta bere bidean aurkitzen dituen uharri edo errekarrien gainean kokatzen dituenak. Hainbeste irudiren ondoren, lurretik datorren harri hori bihurtuko da fotografia dezakeen gauza bakarra, aurkikuntzarik arkaikoena eta intimoena. Bidaia luze baten ondoren, harri horiek margotzen ditu bere etxean. Jada ez du argazki gehiago egiten, ezta kanpoko argia hartzen ere. Orain, bere barrutik, eraikitzen eta sortzen ditu irudiak”.