Jon Gerediagak jasoko du aurtengo Xabier Lete olerki saria

Poeta eta antzerkigile bilbotarrak Natura berriak obrarekin irabazi du lehiaketa.

Jon Gerediaga (Bilbo, 1975) poeta eta antzerkigileak irabazi du Xabier Lete olerki lehiaketa Natura berriak obrarekin. Igor Estankonak, Joxerra Garziak, Tere Irastortzak, Itxaro Bordak eta Lourdes Otaegik osatutako epaimahaiak hiru obra finalista hautatu dituzte: Gerediagarena, Poema liburu bat irakurtzeko jarraibidea (Alecrim) eta Berandutu zait bizitza (Jose Garcia). Orotara 30 obra aurkeztu dira lehiaketaren bosgarren ediziora.

Epaimahaiak nabarmendu du Gerediagaren obrak estilo batasun eta kohesio handia duela, eta, batik bat, estilizazioan egin duen ahalegin poetikoaren kalitatea azpimarratu du. Halaber, naturaren betiereko bilakaera lantzeko eran autoreak erakutsi duen ausardia ere goraipatu du epaimahaiak, “poesia lanik handienetan” landu ohi den gaia baita. Hain zuzen ere, liburuaren gai nagusia da naturaren elementuen sorrerari eta iraupenari buruzko gogoeta poetiko-filosofiko bat, non edertasun ekologiko hori giza begiratuaren pean jartzen baitu olerkariak.

Natura Berriak poema ederrez osatutako bilduma da, ideia ardatz jakin batzuen inguruan eratu duen etengabeko lanketa batean oinarritua. Behaketa poetikoaren aszetika dario obrari, eta, hurbileko behaketa orori dagokion legez, tempus geldo batean eraikia dago. Orobat, hainbat mende eta tokitako ekarpen poetiko ugari azaleratzen ditu, lerroartean kokatzen dituen zita xeheetan iradokitzen duenez”, adierazi du epaimahaiak.

“Urruneko Ekialdeko poesiaren fintasuna eta sakontasuna ere iradokitzen dituen arren, asmo poetikoa mendebaldekoa du: Lucrezio poeta-zientzialariari buruz egiten duen lehenbiziko zitan De rarum natura-ri buruz ari dela iradokitzen digu, sortutako materia ororen norabide eta funtsari buruzko galderak eginez. Asmo hori gauzatzeko, egutegi moduko bat egituratzen du egileak, eguneko orduen arabera garatua, non gizakiaren bihotz hauskara azaltzen zaigun materia guztien artean, egunetik egunera orduen gurpilean murgilduta”.

Poeta eta antzerkigilea

Gerediagak antropologia ikasketak egin zituen Bilbon eta Herbehereetan. Sorkuntzari dagokionez, poesia da gehien landu duen generoa; besteak beste, obra hauek ditu argitaratuta: Fitola Balba, Karpuki Tui (2004); Jainkoa harrapatzeko tranpa (2007); Zentauro-hankak (2012); Argia, lurra, zuhaitza, zerua (2015); Urtaroak eta zeinuak (2019).

1999. urtean, Antzerkiola Imaginarioaren kide gisa, zenbait antzerki lanen sorkuntzan parte hartu zuen; horren emaitza dira, esaterako, 8 Olivetti Poetiko (Hiru, 2001); Mundopolski (Artez, 2007); Yuri Sam, otoitza (Artez, 2007); Au revoir triunfadoreak (Artez, 2007); Babiloniako loreak (2009); Etxekoak (2015, Huts teatroa). 2003. urteaz geroztik, filosofiako irakasle dihardu Lauro ikastolan

Sarituak Jose Ramon Andaren eskultura bat eta 12.000 euro jasoko ditu. Obra, gainera, argitaratua izango da, poesiaren edizioan eskarmentua duen argitaletxe baten argitalpen landu batean.

Gerediagaren aurretik, Karlos Linazasoro, Luis Garde, Asier Serrano eta Juanjo Olasagarre izan dira sarituak Xabier Lete lehiaketan.

Zabaldu: