Jon Maiak, Jokin Pinatxok, Kukai Dantzak eta Orereta Ikastolak parte hartu dute Kilometroak jaiaren kanta eta bideoklipean

Urriaren 1ean egingo da Oreretan Gipuzkoako ikastolen aldeko jai handia urte osoko egitarauari amaiera emanez.

Kilometroak 23 azken txanpan sartu da urte osoko egitarauari amaiera emanez. Urriaren  1ean izango da “hitzordurik bereziena” antolatzaileen esanetan, Oreretan egingo den egun osoko jaiarekin. Orereta Ikastolako ikasle, familia eta langileak buru-belarri dabiltza prestaketa-lanetan. Giroa berotze aldera, Jon Maia bertsolariak eta Janus Lester taldeak sortu duten Erriola kantaren bideoklipa aurkeztu dute eta dagoeneko ikusgai dago.

Arena Comunicación ekoiztetxeak grabatutako bideoklipean, Janus Lester taldeko Jokin Pinatxorekin batera, Orereta Ikastolako ikasle, langile, guraso eta aiton-amonak ageri dira Vanesa Castañok sortutako koreografia dantzatzen; Kukai Dantzak ere parte hartu du bideokliperako propio sortutako dantza moldaketarekin.

Aurtengo Kilometroak jaiaren hiru ardatzei -komunitatea, euskara eta errelatoaren bidezko aitortza- jarraituz, Oreretako txoko-bazterren eta euskarari lotutako ekimen ugariren irudiak jaso dituzte bideoklipean, iraganeko eta gaur egungo pasarteak tartekatuz.

Azaldu dutenez, “Herriko eta Orereta Ikastolako irudi historikoak Miguel Angel Quintana, Mikel Mendizabal, Karlos Astrain eta Iñaki Nogueiraren laguntza estimagarriari esker eskuratu eta erabili ahal izan dira, eta Papresa enpresaren babesletzari esker osatu ahal izan da bideoklipa”.

Zabaldu: