(argazkia: U. G. Kultur Sharea)

Jon Maiak kontzertu berezi eta solidario bat eskainiko du hainbat gonbidaturekin, Donostian

Emanaldia abenduaren 28an izango da eta etorkinei babesa ematen dion Irungo Harrera Sarea eta Donostiako kaleetan lo egiten duen jendeari afariak ematen dizkion Kaleko Afari Solidarioak taldea izango ditu bidelagun Maiak, kontzertuko irabazien zati bat haientzat izango delarik. 

Ia urtebete igaro da Jon Maia bertsolari eta idazleak Kantu bat gara izeneko disko-liburua aurkeztu zuenetik eta izen bereko ikuskizunaren bira abiatu zuenetik. Emankizun arrakastatsua izan da eta urteurren horrekin bat eginez, Maiak kontzertu berezi eta solidario bat eskainiko du hainbat gonbidatu berezirekin Donostian.

Kantu bat gara emanaldia ez da kontzertu soil bat izaten: Maiak euskal kulturaren, historiaren eta identitatearen ikuspegi partikular bat zabaltzen du bere kantutegiaren bidez, hitzaren emozioa kantu bihurtuz eta publikoaren konplizitatea bilatuz beti.

Urteotan hainbat talde eta abeslarien letragilea da bertsolaria eta kantu horien bidez bidaia bat proposatzen dute bere emanaldiek. Besteak beste Negu Gorriak, Benito Lertxundi, Gari, Anari, Gozategi, Mikel Urdangarin, Ken zazpi edota Pirritx, Porrotx eta Marimototsentzat idatzitako kantuek osatzen dute bere zuzenekoetako kantutegia.

Beste mundu bat posible dela eta txarrenari onena ateratzea izaten dira Maiaren aldarrikapenetako bi. Kontzertu solidario honetan etorkinei babesa ematen dion Irungo Harrera Sarea eta Donostiako kaleetan lo egiten duen jendeari afariak ematen dizkion Kaleko Afari Solidarioak taldea izango ditu bidelagun, kontzertuko irabazien zati bat haientzat izango delarik.

Hitzordua abenduaren 28an izango da Donostiako Kursaalen eta sarrerak salgai daude jada, lotura honetan.

Zabaldu: