(argazkia: Irekia)

Jon Mikel Eubak, Zuhar Iruretagoienak eta Garikoitz Fragak jaso dituzte 2025eko Gure Artea sariak

Eubak ibilbide artistikoaren saria jaso du, Iruretagoienari bere sorkuntza-lana aitortu zaio eta Fragari arte plastikoen eta bisualen arloan eragileek egindako lana aitortzeko saria eman diote.

Jon Mikel Euba (Zornotza, 1967), Zuhar Iruretagoiena (Zarautz, 1981) eta Garikoitz Fraga (Bilbo, 1971) 2025eko Gure Artea sarietarako epaimahaiak hautatu dituen hiru artistak.

Ibilbide artistikoa aitortzeko Eubari eman dio epaimahaiak, euskal arte garaikidean egindako ibilbide zabal eta berezia aitortzeko. “Bbere lanaren heterogeneotasuna, belaunaldien arteko erreferente gisa betetzen duen zeregina eta liburu, tailer eta hezkuntza-proiektuen bidez ezagutza transmititzeko etengabe egiten duen lan pedagogikoa”, nabarmendu dituzte epaimahakideek.

Eubaren jarduera artistikoa prozesu gisa marrazketan eta programa gisa eskulturan oinarritzen da, eta egungo erregimen hiper-estetikoen aurrean begirada kritikoa bilatzen duen ekoizpen-sistema propio bat garatu du.

90eko hamarkadaren amaieratik, zornotzarrak eraiki duen ibilbidean prozesuen eskuzabaltasunak eta etengabeko bilaketak eredu berezia definitzen dute, sormena, hausnarketa eta lankidetza konbinatzen dituena. Bere lana Reina Sofia, MACBA, MUSAC, MUDAM, FRAC Poitou-Charentes museo eta erakundeen bildumen edo Kultura Ministerioaren bildumen parte da. Gainera, bere lan performatibo eta teorikoa, besteak beste, Writing Out Loud (2017) eta Vulnerario (2021) argitalpenetan jaso da.

Epaimahaiak nabarmendu du bere jarduna erresistentzia eta esperimentazio modu bat dela, eta erreferentzia aparta dela Euskal Herriko eta nazioarteko panorama artistikoan.

Zuhar Iruretagoiena artistak, bere aldetik, sorkuntza-lana aitortzen duen 2025eko Gure Artea saria jaso du, “begirada kritiko eta ikertzailetik formaren, materialtasunaren eta sinboloaren arteko tirabirak aztertu dituen proiektu artistikoaren sendotasunagatik”. Arte Ederretan doktorea eta EHUko irakaslea da, eta bere lana eskulturaren eremu hedatuan kokatzen da, objektuaren, espazioaren eta pertzepzioaren arteko mugak zalantzan jarriz.

Zarauztarraren proiektuak, besteak beste, Bilboko Guggenheim Museoa, Donostiako San Telmo, La Casa Encendida edo Recalde Aretoa erakundeetan erakutsi ditu, eta, besteak beste, Generación 2008, Ertibil 2009 edo 2024ko Puerto de Santander sariak jaso ditu.

Artistak ikerketa formal eta kontzeptualerako duen gaitasuna, artearen lengoaiaren aurrean duen jarrera kritikoa eta eskulturaren berrikuntzarekin duen konpromisoa nabarmendu ditu epaimahaiak, “horrek euskal arte garaikidearen ezinbesteko erreferentzia bihurtzen baitu”.

Azkenik, eragileek egindako lana aitortzeko 2025eko Gure Artea saria Garikoitz Fraga Angoitiak jaso du Belleza Infinita argitalpen-proiektuaren buruan egindako lanagatik. Ekimen aitzindari eta iraunkor horrek Euskal Herriko edizio artistikoa eraldatu du. Bilbotarrak 2022an sortu zuen Belleza Infinita eta “lan berezia, berritzailea eta ibilbide luzekoa egin du artista-liburuaren, saiakera bisualaren eta poesia grafikoaren esparruan, nazioartean erreferente bihurtuz”, adierazi dute epaimahaikideek.

Epaimahaiak arte garaikidearen bitartekaritzarekin eta hedapenarekin duen konpromisoa, artistekin batera egindako lan zorrotza eta artisaua eta euskal ekosistema artistikorako argitalpen-azpiegitura sendo bat sortzeko egindako ekarpena baloratu ditu. Bi hamarkada baino gehiagotako esperientziarekin, Fraga Esete aldizkariaren sortzailea izan da, bai eta erakusketen komisarioa ere, hala nola Juan Carlos Eguillorri 2025ean Bilboko Rekalde Aretoan eskainitakoarena.

Epaimahaiak bere ikuspegi sortzailea, independentzia eta jarraitutasuna aitortu ditu, horrek Belleza Infinita funtsezko proiektua bihurtzen baitu arte garaikidearen proiekziorako eta ezagutzarako.

Zabaldu:

Utzi erantzuna