Datorren azaroaren 21ean banatuko dira aurtengo Euskadi Literatura Sariak, Gasteizko Artium Museoan egingo den ekitaldian.
Joan den astean eman zituzten ezagutzera Euskadi Literatura Sarietako aurreneko hiru irabazleak. Gaur, berriz, gainerakoak ezagutzera eman dituzte: Jon Urzelai, Julia Otxoa eta Aiora Jaka.
Jon Urzelaik saiakera saria irabazi du Su festak lanagatik, Julia Otxoari gaztelerazko literaturako Euskadi saria eman diote Bajo los astros de la repetición lanagatik eta Aiora Jakak Euskarazko Literatura Itzulpena saria “Independentzien eguzkiak (Ahmadou Kourouma) lanagatik. Gaztelerazko saiakeraren saria, berriz, eman gabe geratu da.
Urzelairen Su festak lanaren inguruan epaimahaiak “lan bikaintzat” hartu du, “bai forma, bai edukiaren aldetik ere”. Balorazioaren arabera, “azken hamarkadetako gizarte aldaketen eta gizarte bilakaeren diagnostiko argia eta burutsua egiteko. Musika kantaldi motak aro sozialekin, gizarte eredu desberdinekin eta hainbat prozesu sozialekin lotu ditu modu arrazoituan”, eta epaimahaiaren ustez , “musika jaialdien inguruko azterketa soziologikoa beste eremu batzuetara hedatu du”. “Edozeinen esperientziekin konektatzeko gaitasuna du testuak musika esperientziak eta eguneroko esperientzia sozialak txertatzen baititu gogoetan. Horrek, irakurketa atsegin eta entretenigarria egiten du.
Gaztelaniazko Literatura Sariaren epaimahaiaren arabera, Otxoaren Bajo los astros de la repetición poema-liburuarekin, hainbat hamarkadatako bidea mamitu du. “Obra hau bi atal handitan banatuta dago: El limón y la espada, ezinbestean Rafael Albertiren Entre el clavel y la espada-ra garamatzana. Lehen zatian, ahots konprometituz, krudelkerian eta suntsipenean zentzurik ez duten munduaren eta historiaren aurkako salaketa globaleko poemak gailentzen dira; aldiz, liburuaren bigarren zatian, poemek, askoz laburrago eta sententziazkoagoak eta zenbaitetan aforismotik hurbilagoak, oraindik ere hondamenean dagoen mundu honetan bizirik dirauen edertasun hori uzten dute agerian”. Epaimahaiak adierazi duenez, “poema horietan hizkuntza zalantzan jartzeak ez du isiltasunera bultzatzen, injustizia historikoa adierazi eta salatzeko beharraren aurrean hitz zehatza bilatzera baizik”.
Bestalde Euskarazko Literatura Itzulpena modalitateko epaimahaiak aurtengo Euskadi Literatura saria Aiora Jakarentzat izatea erabaki du, Independentzien eguzkiak (Ahmadou Kourouma) lanarekin. Epaimahaikideek hitzetan, “Jakak oso itzulpen lan ona egin du Kouroumaren istorio honekin, eta bikain ekarri du euskarara, azalez nola mamiz, estiloz nola tonuz.” Erritmo narratibo bizia duen liburua dela nabarmendu dute, ahozkotasunetik hurbil dagoena, eta “itzulpen-erabaki ausart bezain zuhurrak hartuta egiantz osoz euskal irakurlea mendebaldeko Afrikara eramaten duena”.
Sariak
Euskadi Literatura Sariak 2024 datorren azaroaren 21ean banatuko dira Gasteizko Artium Museoan.
Idazle bakoitzak 18.000 euroko saria jasoko du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada. Euskarazko Literatura Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu.