Gaixotasun baten ondorioz zendu da Gimenez, 67 urte zituela.
67 urte zituela hil da gaur goizean Jorge Gimenez Bech (Irun, 1956) idazle, itzultzaile eta editorea, gaixotasun baten ondorioz.
- urtean Alberdania argitaletxea sortu zuen Inazio Mujika idazle eta editorearekin batera Irunen.
1997an, berriz, Euskal Editoreen Elkarteko lehendakari izendatu zuten eta jardun horretan aritu zen 2013ra arte. Elkarteak sare sozialen bidez adierazi duenez, “Euskal Editoreen Elkarteko familia, 14 urtez gure presidentea izan baitzen. Sutsu egin zuen lan elkartean, euskal liburuaren ordezkaritza lanetan, euskal liburugintzaren defentsan”. Elkartea utzi ostean, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Ikerketa eta Koordinazio zuzendari izendatu zuten eta lau urtez jardun zuen lan horretan.
Euskal Herriko hainbat hedabidetan artikuluak idatzi zituen, eta literaturan ere jardun zuen. Arlo horretan, Gabriel Aresti ipuin-lehiaketa irabazi zuen 1995ean, euskarazko atalean, Trenaren zain lanarekin.
Batez ere itzultzaile-lanetan aritu zen Gimenez eta euskarazko hainbat eleberri gaztelaniara itzuli zituen. Horien artean daude Anjel Lertxundiren Itzuliz usu begiak, Horma, Etxeko hautsa, Eskarmentuaren paperak, Zoaz infernura, laztana, Zorion perfektua edota Otto Pette, Yurre Ugarteren Lilurabera, Jokin Muñozen Bizia lo eta Antzararen bidea, Garazi Goiaren Bi hitz, Aingeru Epaltzaren Lasto sua, Inazio Mujika Iraolaren Gerezi denbora edota Arantxa Iturberen Lehenago zen berandu.