(argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)

Jose Luis Zumetaren Usurbilgo muralak 50 urte beteko ditu aurten eta urteurrena ospatzeko hainbat ekimen antolatu dituzte

Muralaren kontserbazio lanak, bi erakusketa, Hormaren Mintzoa ekimena eta jaialdi herrikoia izango dira Usurbilen.

50 urte dira igaro dira Jose Luis Zumetak Usurbilgo murala margotu zuenetik. Efemeride berezi hori baliatuko dute Usurbilgo Udalak eta Zumeta Arte Estudioak, elkarlanean, muralaren inguruan zenbait ekimen abiarazteko. Horma-irudiaren kontserbaziorako lanak hasita daude jada eta muralaren aurrean aurkeztu dituzte aurten egingo diren ekimenak. Aurkezpenean izan dira Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkatea, Mari Jose Telleria Gipuzkoako Kultura diputatua, Usoa Zumeta, Jon Maia bertsolaria eta 650 Usurbil Bizi turismo proiektua gidatu duena, Azucena Prior Artyco enpresaren ordezkaria eta Mikel Telleria musikaria, Zumetaren inguruko diskoa argitaratu berri duena.

Zeramikazko mural abstraktu hau ikonikoa da Usurbilen eta Usurbiletik kanpo: bere dimentsioengatik (16×9) material honetan egindako obren artean dagoenik eta handienetakoa da Europan. “Zalantzarik gabe, Usurbil berezi egiten duen elementuetako bat da Zumetaren murala”, azaldu dute. Horregatik guztiagatik, urteurrena ospatzeko hainbat ekimen egitea erabaki dute bi erakunde hauek dute.

Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak gogoratu duenez, apirilaren 22an hiru urte beteko dira Jose Luis Zumeta hil zenetik. Bere esanetan, Usurbilek eta Zumetak “binomio banaezina” osatzen dute: “Ezin da Usurbil ulertu, Zumetarik gabe”. 1939an Txokoalde auzoan jaioa, gertuko pertsona izan zen Zumeta: “Nahiago izaten zuen jendetzatik aparte ibili, harrabots handirik gabe, bere erritmoan, bere estiloan. Bere apalean, ordea, arrasto itzela utzi du han eta hemen, Euskal Herrian eta mundu zabalean, eta, zer esanik ez, Usurbilen”.

Murala udalaren enkargua izan zen, alkateak gogoratu duenez. 1972ko urriaren 30ean egindako udalbatzako aktan jasotzen da erabaki hura. Hala, orduko udalbatzak euskal artearen eta kulturaren alde egindako apustu hura txalotu du Solaberrietak.

Hamarkada haietan Euskal Herrian izan zen kultur eztandaren plaza eta lekuko izan zen Usurbil, alkateak nabarmendu duenez: euskal kulturaren berpizkundea bideratu zuen Ez Dok Amairuren parte izan ziren Usurbilgo Artze anaiak, eta Mikel Laboak eta Remigio Mendiburuk, kasu, beren arrastoa utzi zuen herrian; Rikardo Arregik 1966an, Udarregiren omenezko eskulturaren inaugurazioan, emandako hitzaldi gogoangarria. Haren esanetan, Usurbilek euskal sorkuntzarekin izan duen eta gaur egun duen harremana eta konpromisoaren erakusgarri dira herriko kaleak. “Euskal kultura arnasten da gure kaleetan: Usurbil Museo Ireki bat da. Usurbilera datorren edonork nahikoa izango du gure kaleetan murgiltzea, edonora begiratu eta artelan bat aurkitzeko”. Bernardo Atxaga idazleak Zumeta hil berritan esandakoak gogoratu ditu: “Bideak zabaltzen direnean, abia zaitezte Usurbilera. Euskal artearen gune bat da”.

Hain zuzen ere, horixe da 650 Usurbil Bizi proiektuaren bidez bultzatu nahi dutena: “Usurbilen identitatean, baloreetan, ondarean eta proiektu eraldatzaileetan oinarritutako eskaintza proposatzen du, eta horiekiko interesa duten bisitariak bilatu nahi ditugu: alegia, turismo identitario, eraldatzaile eta aktiboa sustatu nahi dugu, ohiko turismo eredutik at”.

Usoa Zumetak kontatu du nola, urteurrena hurbildu ahala, erakusketa bat antolatzeko asmoz jo zuen Usurbilgo Udalera: “Segituan jaso nuen babesa, eta, azkenean, proiektuaren dimentsioa handituz joan da”. Muralaren egoera ere hizpide hartu du: “50 urteren ostean, agerikoa da murala oso ondo dagoela, baina urteurren honek muralak dituen zauriak sendatzeko aukera emango digu. Ea gai garen denon artean zaintzeko beste 50 urte iraun dezan”.

Egitaraua

 Otsaila-Martxoa: kontserbazio lanak.

Artyco enpresak egingo ditu muralaren kontserbazio lanak, otsail eta martxoa bitartean. Guk osatu, denon artean zaindu leloa darama aldamioaren aurrean jarritako olanak. Herritar zein erakunde, artelana zaintzea denen erantzukizuna dela adierazi nahi izan dute, herriaren ondare den heinean.

50 urtean ez da halakorik egin, eta denboraren iragatea nabaria da artelanean, kalean kokatzen den obra bat dela kontutan hartuz. Lanekin hasi aurretik, horma-irudiaren egoera aztertu du Artycok: “muralaren mantentze egoera, oro har, ona da, eta artelanari eusten dion euskarriak egoki betetzen du bere funtzioa, irudi zeramikoari inolako alterazio estrukturalik sortu gabe”.

Beraz, esku-hartzea minimoa izango dela nabarmendu dute, “elementu originalak mantendu eta obra errespetatuz”. Nagusiki, horma-irudia garbitu eta finkatze eta zigilatze lanak egingo dira. Horrez gain, tratamendu bat egingo diote, materialen kontserbazioa bultzatzeko, kanpo eraginak saihestuz edo horma-irudiko piezetan izan ditzaketen ondorioak apaltzeko. Amaieran, Artycok prebentziozko kontserbazio plan bat osatuko du, eta egindako lanak bideo motz batean jasoko dituzte. Horrez gain, kontserbazio lanen inguruko bisita bat ere antolatuko dute, interesa duten guztientzat, martxoaren 11n, 11:30ean; aldez aurretik izena eman beharko da Usurbil Kultura webgunean.

Apirilak 28 – maiatzak 15: erakusketa

Gaia Zumetaren muralaren 50. urtemuga izango da eta muralaren inguruko informazioa emango du: batez ere, sortze-prozesua erakusten duten artxiboak, irudiak eta argazkiak izango dira. Muralaren jatorrizko bozetoa, olio bat, estreinakoz ikusteko aukera izango da bertan.

Hormaren Mintzoa egitasmoa

Zumetaren muralaren 50. urteurrena baliatuz, artelan hori Usurbilgo, Gipuzkoako eta beraz, Euskal Herriko artelanen erakusleihoan lehen mailara eraman nahi dute. “Altxor hau ezagutarazteko bidean, ekimenaren funtsa artelan hau Usurbilgo mugetatik kanpo hedatzea eta prestigioa ematea da. Horretarako, murala elementu zentraltzat hartuz, izen handiko zenbait artistekin ikus-entzunezko bideo artistikoak egitea da helburua: euskarri digital guztietan zabalduko dira, baita komunikabideetan eta sare sozialetan ere”.

Bestalde, jaialdi bat antolatuko dute udan. “50. urteurrenaren ospakizun herritarra izango da, muralaren aurrean, herriko sortzaileak, kultur antolatzaileak eta zaletuak biltzen dituen Usurbilgo Kulturgunearekin elkarlanean eginda”. Eguna zehazteko dago, baina aurreratu dutenez, udan izango da.

Ospakizunekin amaitzeko, irailaren 29tik urriaren 15era bitartean, Usurbil eta Zumeta ardatz izango dituen erakusketa paratuko dute. Azaldu dutenez, erakusketa honek “Zumetak Usurbilekin izan zuen harremana erakutsiko du, zentzu plastikoan. Zumetak baditu artelan batzuk Usurbili eta usurbildarrei erreferentzia egiten diotenak, eta horiek izango dira bigarren erakusketako oinarria”.

Zabaldu: