Jose Mari Zabala izango da San Telmoren Museo Bikoitza programan arituko den hurrengo artista

Erlea Manerosek hautatu du programarako, besteak beste, Zabala testuinguru honetara egungo begiradarekin itzultzeak ekar dezakeen emaitza interesgarriagatik.

Jose Mari Zabala (Irun, 1949) izango da Museo Bikoitza esku-hartze programaren hurrengo artista gonbidatua, halaxe iragarri du gaur Donostiako San Telmo Museoak. Erlea Manerosek hautatu du artista berria. Koronabirusaren krisiaren ondorioz, ezinezkoa izan da Manerosek bere lana ekainerako amaitzea eta horregatik, uda pasa arte itxaron beharko da sorkuntza prozesu honen emaitza ezagutzeko, baina bitartean, proiektu honen hurrengo edizioan lanean hasiko den ondorengo artista aurkeztu dute.

Museo Bikoitza programaren ezaugarrietako bat da edizio bateko artistak hurrengo ediziokoa gonbidatzen duela proiektuan parte hartzera. Manerosen arabera, “Museo Bikoitzan parte hartzeko akordioak berekin dakar, batetik, San Telmo Museoaren testuingurua jorratzen duen arte proiektu bat ekoizteko gonbidapena, eta, bestetik, gure ondorengoa aukeratzeko eta haren lan prozesuan koordinatzaile izateko erantzukizuna hartzea”.

Azken hamabi hilabeteetan Ibon Aranberrirekin lan egin du Manerosek Museo Bikoitzarako bere proiektua ikertzen eta garatzen, eta bidaia horretan argi geratu da artisten arteko elkarrizketak eragin handia duela sortzen den proiektuaren izaeran, eta baita Museo Bikoitza osoaren norabideari forma ematen diola.

Aurtengo otsailean Euskal Herrira etorri zen Maneros proiektu honi buruz ikertu eta Estatu Batuetan bere estudiora eramateko materiala biltzeko asmoz. “Egoerak ez dit itzultzen utzi, eta ustekabeko egonaldi luze batean egon naiz hemen, urte askoan nire lantokia izan denetik urrun. Horren ondorioz, 1994an alde egiteko, eta, Eskozian lehenengo eta Kalifornian 2001az geroztik, beste leku batzuetako narratiba politiko, historiko eta estetikoei heltzeko arrazoiei buruzko introspekzio bat egin dut”.

Proiektuan lekukoa hartuko duen pertsona bat aukeratzeko erronkari aurre egin behar izateak dimentsio pertsonala hartu zuen Manerorentzat, eta Zabalaren irudiak hartu zuen fokua. “Soinu esperimentalari egindako ekarpenak, filmek eta bideo-lanek euskal eta estatubatuar testuinguruak lotzen dituzte. Erabili zituen lengoaia eta jarrera estetikoek garai bereko arte kontzeptualeko praktikak dituzte AEBetan; Martha Rosler eta John Baldessariren bideoak datozkit gogora, batzuk aipatzearren. Praktika hauek eragin handia izan dute nire lanean, Kaliforniako Arteen Institutuan eta Michael Asher, Allan Sekula eta Charles Gaines maisuen bidez, nire heziketa artistikoaren parte izan dira. Bestalde, Zabala 60, 70 eta 80ko hamarkadetako euskal kulturaren susperraldiaren partaide eta lekuko izan zen, Euskal Herriko nire haurtzaroarekin eta nire hezkuntza definitu zuen aldiarekin bat etorriz”.

“Zabalak euskal irudi etnografikoekin lan handia egin du eta San Telmoko bildumako objektu espezifikoak ere erabili ditu. Esaterako, Argia dantza taldearen aurreneko posterra diseinatu zuen 1969an museoko oihal funerario batetik abiatuta”. Manerosek uste du “oso itxaropentsua” dela testuinguru hori berriro bisitatzea eta bere egungo begirada eta ikuspuntua aplikatzea.

Jose Mari Zabalaren lanak hainbat formatu artistiko ditu, hala nola pintura, marrazketa, argazkigintza, zinema, bideoa eta soinu-ekoizpena. Formatuen arteko ibilbide hori arrazoi biografiko eta estetikoek zehaztutako kohesio logiko baten emaitza da. Zentzu horretan, artista marrazketa eta soinuarekin hasten da, argazkigintzara eta zinemara pasatzeko eta, geroago, bideora, pintura barne. Urrats hori ez da denbora-norabide bakar baten bilakaera, baizik eta loturak, zirkulazioak eta etenak eragiten ditu, eta, horrela, obra aberatsa ezartzen da, bai formalki, bai gaika.

Zabaldu: