Jose Maria Iparragirreren gitarra berriztu dute

Euskal bardo unibertsalena jaio zeneko 200. urteurrenarekin bat eginez, Bizkaiko Batzar Nagusiek Gernikako Arbola abestiaren egilearen gitarra berriztatzea erabaki zuten. Behin lanak amaituta, gitarra berriztua bere ohiko lekura itzuli da

Jose Maria Iparragirre (1820-1881) euskal bardo unibertsalena jaio zeneko 200. urteurrenarekin bat eginez, Bizkaiko Batzar Nagusiek Gernikako Arbola abestiaren letraren egilearen gitarra berriztatzea erabaki zuten. Behin lanak amaituta, gitarra berriztua bere ohiko lekura itzuli da, Gernikako Batzarretxeko Beirategiaren Aretoaren kristalezko kutxara.

Zaharberritze lanak Laura Vicario luthier bilbotarrak egin ditu, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eskatuta. Otaduik egoitza historikora heldu arte gitarrak egin zuen ibilbidea azaldu du. Euskal bardoa Urretxun, bere jaioterrian, hil ostean, azkenengo uneak Iparragirrerekin pasatu zituen Zumarragako Castañedak hartu zuen gitarra legatu gisa. Horren ostean, Zubiriaren esku utzi zuen usufrutuan, eta hark, hil zenean, Pedro de Egaña politikariaren esku utzi zuen, eta azken horrek Bizkaiko Aldundiari eman zion.

Harizko musika-tresnak berriztatzeko orduan espezialistak kontu berezia izan du Iparragirreren gitarrari lustrea ateratzeko orduan, izan ere, denbora eta koleoptero espezie batzuk (karkomak) direla eta kaltetuta zegoen XVIII. mendeko egurraz dago egina. Gitarra orain egoera ezin hobean dagoela azpimarratu dute, eta bere hariak “finduta”.

Gitarrak Progreso Argentino gitarra lantegiko Salvador Ramirez Andaluziako gitarra-egilearen sinadura du barruan. Bere bizitzaren parte handia Buenos Airesen bizi izan zen, eta Gipuzkoako bardoa ere bertara joan zen erbestera, XVIII. mendearen erdialdean. Hala ere, Iparragirreren lan ezagunena, Gernikako Arbola, 1853an Madrilera itzuli ostean idatzi eta interpretatu zuen.

Berriztatze lanen aurretik, Vicariok bere lana egiteko eman beharreko pausuak azaldu zituen Gernikan egindako jardunaldi batean. Gitarra garbitu egin da kanpotik eta barrutik, eta horren ostean konpondu egin da, gitarra egin zen garaian erabiltzen ziren kola naturalak erabiliz. Ezpurutasunak, arrastoak eta arrakalak kendu ostean, gitarra bertan egindako erretxina naturalarekin bernizatu da. Berriztatze prozesuan, musika-tresnak karkomaren aurreko tratamendua jaso du, eta gitarrak zituen sei harien ordez XIX. erdialdeko musika-tresnetarako beste batzuk jarri zaizkio; nota altuetako hariak tripazkoak eta lauak, eta nota bajuetako hariak sedazkoak, zidarrarekin txapatutako kobrean entortxatuta.

Momentuz, urte luzez Urretxuko bardoarekin batera bidaiatu zuen egurrezko musika-tresna ezaguna ezin da ikusi, izan ere, pandemia dela eta, Gernikako Batzarretxearen barrualdea itxita dago jendearentzat.

Zabaldu: