Bertso munduan egin zen ezagun, batez ere bertso eskolen sortzaileetako bat izan zelako. Bikoizketa lanetan ere aritu zen Etxebarria; hark jarri zion ahotsa, kasurako, Dragoi Bola-ko Son Gokuren pertsonaiari.
Gaur goizean hil da Joseba Etxebarria Uriarte, gaixotasun larri baten ondorioz. Larrabetzun jaio zen 1956an. Bikoizketa aktorea (Son Gokuren ahotsa, besteak beste) Bertsozale Elkarteko kidea, musikaria eta kantaria izan zen.
Larrabetzu eta inguruetako bertso munduko eragilea izan da Etxebarria; besteak beste, inguruko bertso-eskolen sortzaile izan zen. Baina inguru horretaz gain, Bizkaia osora ere zabaldu zen bere beharra: Bizkaiko Bertsozale Elkarteko sortzaile eta zuzendaritza batzordekide izandakoa.
Bereziki, Bizkaiko Txapelketako Talde Antolatzailean egin zuen lan. “2000. urtean hasi zen taldean eta oraintsura arte izan da talde horretako zutabe garrantzitsu”, adierazi du Bertsozale Elkarteak. Talde horretan egindako beharra omentzeko, 2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean txapela jarri zion Nerea Ibarzabal txapeldunari, Moises Enbeitarekin batera.
Bertsoa afizio, baina hizkuntza izan zuen langintza. Gaztetatik euskara irakasle aritu zen AEKn, eta ETB sortuz geroztik bikoizketari lotuta ibili zen lanean, itzultzen, zuzentzen eta bikoizten, erretiroa hartu zuen arte. Besteak beste, Dragoi Bola-ko Son Goku pertsonaiari jarri zion ahotsa.
Beilatokia Galarza Ehorztetxean izango da (Galdakao) irailaren 24an, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.