Joseba Sarrionandia eta Castillo Suarez idazleak izango dira Donostiako Poesia Orduak ekimenean

Bi emanaldiak irailaren 7an eta 8an izango dira, arratsaldeko 19:00etan, Victoria Eugenia antzokiko club aretoan. Sarrerak doakoak izango dira baina gonbidapenarekin eta antzokiko leihatilan banatuko dira emanaldien egunetan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

Irailaren 7an eta 8an izango da Donostia Kulturak eta Euskal Idazleen Elkarteak Donostiako Victoria Eugenia antzokiko club aretoan urtero antolatzen duten Poesia Orduak izeneko ekimena.

Lehen egunerako Castillo Suarez idazleak egun horretarako propio antolatutako Alaska izeneko emanaldia programatu dute. Antolatzaileek zehaztu dutenez, Juantxo Zeberiok musika jarriko dio emankizunari eta Xabi Lozano, berriz, argiztapenaz eta eszenografiaz arduratuko da. Alaska izeneko bide bazterreko hotel abandonatu batean kokatutako narrazio batekin gurutzatuko dira hainbat poema eta doinu.

Hurrengo egunean, hilaren 8an, Olatu arteko txalupa arraroa izeneko ikuskizunaren txanda izango da. Duela ia hamar urte Joseba Sarrionandiak Kuban sortutako letrekin Gosariak proiektua sortu zuen Gose taldearekin batera. Orain, idazlea Euskal Herrian dela, letra horien jatorria eta zergatia azalduko ditu Ines Osinagaren musikaz lagunduta.

Bi egunetako emanaldiak Donostiako Victoria Eugenia antzokiko club aretoan izango dira arratsaldeko 19:00etan. Bi emanaldietarako gonbidapenak antzokiko leihatilan banatuko dira emanaldien egunetan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

Zabaldu: