(argazkia: Arriaga antzokia)

Joserra Senperenak eta Maite Arruabarrenak poesia eta pianoa uztartzen dituen kontzertua eskainiko dute bihar, Arriaga antzokian

Emanaldia arratsaldeko, 19:30ean, Bilboko antzokiko foyerrean.

Joserra Senperena pianistak eta Maite Arruabarrena mezzosopranoak Lied Koadernoa izeneko kontzertu berezia eskainiko dute bihar, hilak 21, arratsaldeko 19:30ean.

Musikari donostiarrak eskarmentu handia du musikagile gisa eta bere lanetan bluesa, jazza, soinu bandak edo ganbera musika landu ditu. Horrez gain, bere katalogoan abestiei ere lekua eman die: berak konposatzen du musika, prozesuaren hasieran, eta horrek mugatu egiten die, nolabait, espazioa harekin elkarlanean aritzen diren egile eta abesti idazleei, hala nola Harkaitz Cano, Diego Vasallo edo Idoia Asurmendiri.

Lied Koadernoa egitasmoan Senperenak alderantzizko bidea egitea erabaki du, hau da, hitzak izatea musika konposatzeko abiapuntua. Beste era batera esanda, Lied Koadernoa Joserra Senperenak abestiak poesiatik idazteko zuen beharretik sortu zen. Lieda, genero gisa, beti egon izan da musikariaren buruan, piano klasikoko ikasketak hasi zituenetik, baita, adibidez, Imanol Larzabalekin egin zituen kolaborazioen ondorengo hurbilketa musikalean ere.

Geroago, Sorozabalen eraginak konpositorea Lied estiloan konposatzen saiatzera animatu zuen. Hala, azken urteotan inspirazio iturri izan ditu hainbat euskal egileren poema eta testuak, besteak beste, Mari Luz Esteban, Juan Luis Zabala, Leire Bilbao, Itziar Ugarte, Josu Goikoetxea, Goizalde Landabaso eta Jon Gerediagarenak; 60 abesti inguru konposatu ditu guztira. Hala, Maite Arruabarrena mezzosopranoarekin entseatzen hasi zen, abestiak haren ahots, tonu, erregistro eta abarretara egokitzeko.

Arruabarrenaren interpretazioak eta konpositoreak berak pianoa jotzeak gaurkotu egiten du Lied generoa, eta balio handiagoa ematen dio. Duoak Schubert eta Schumann erromantikoen obretan jarri du arreta, baita XX. mendeko euskal konpositore handiengan ere, hala nola Pablo Sorozabalengan eta Aita Donostiarengan, gaur egungo musika aldean utzi gabe.

Zabaldu:

Utzi erantzuna