Josu Martinezek zuzendutako ‘Bizkarsoro’ filma ikusteko aukera egongo da Loraldia Festibalean

Martxoaren 17an izango dugu zinemagile bizkaitarraren azken lanaz gozatzeko aukera, EHUko Bizkaia Aretoan. XX. mendean zehar gertatzen diren bost istorio ezagutuko ditugu film luze honetan. Bizkarsoro existitzen ez den herri bat da, baina Euskal Herriko edozein herri izan zitekeen.

Aurtengo Loraldia Festibalean Josu Martinez zinemagile bizkaitarraren (Bilbo, 1986) lan luze hau proiektatuko dute: Bizkarsoro. Pasa den urtean estreinatu zen filma Donostiako 71. Zinemaldiaren Zinemira atalean, eta, orain, Loraldia Festibalaren hamargarren edizioan, film berezi honetaz disfrutatzeko aukera ere izango dute ikus-entzuleek. Izan ere, euskara eta euskaldunak dira lan honetako protagonista, edo hobeto esanda, biek jasandako errepresioa. EHUko Bizkaia Aretoan proiektatuko dute filma martxoaren 17an, arratsaldeko 19:00etan.

Bizkarsoro, existitzen ez den herria

Bizkarsoro ez da existitzen, baina Euskal Herriko edozein herri izan zitekeen. Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak izan zitezkeen Bizkarsorotarrak. Josu Martinez zinemagileak zuzendutako lehen fikziozko lan hau 1914tik 1982ra bitartean gertatutako bost istorioz osatuta dago. “Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko bost istorio dira, XX. mendeko kontakizun soziopolitiko, ekonomiko, kultural eta linguistikoa da”, azaldu du lantaldeak.

Zabaldu: