(argazkia: Iruñeko Udala)

Juan Aizpitarte artistaren ‘Mater’ erakusketa paratu dute Iruñeko Ziudadelan

Asteartetik larunbatera bisitatu ahal izango da erakusketa, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era. Igandeetan goizez egongo da aretoa zabalik.

Juan Aizpitarte artistaren Mater izeneko erakusketa paratu dute Iruñeko Ziudadelako Labean ekainaren 26ra arte.

Aizpitarte diziplina desberdinen inguruan hausnartzen duen egile polifazetikoa da, eskulturaren, instalazioaren, graffitiaren, hiri esku-hartzearen, performance-ekintzen eta edizio-proiektuen aukerak hartzen ditu oinarri gisa. Idazketatik kanal bakarreko bideora edo bideo-instalaziora.

Ziudadelako Labean gune ezin hobea topatu du artistak lurraren gaineko eskulturaren eta arkitektura bereziaren arteko harremanei buruz aritzeko. Izan ere, Mater erakusketak zuzeneko erreferentzia egiten dio espazio hermetikoari (Hermes), zeinetatik barneranzko prozesu berriak sortzen baitira, muga iragazkorrei eta artearen jatorriari bere antzinako bertsioan. Baina baita materiari eta Amari ere. Kulturaren jaiotza ahalbidetu zuten oinarrizko kontzeptuen –Gwer (beroa), Domo (aterpea), Hito (lurraldea) eta argia (espiritualtasuna)– mugakide den proposamena da.

Artistaren arabera, “instalazio eskultoriko honen aktibazioaren hondarrak iraganeko ekintza baten aztarna gisa erakusten dira, non publikoak kultuaren iruditeria esoterikoa berreraikitzen baitu”.

Erakusketa asteartetik larunbatera bisitatu ahal izango da, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era. Igandeetan goizez egongo da aretoa zabalik.

Zabaldu: