Juan Gorritik cromlechak, totemak, hainbat pertsonaia eta behi urdin bat biltzen dituen erakusketa aurkeztu du Iruñean

Iruñeko Ziudadelako labean eta lorategian bost metroko altuera duten pieza deigarri eta handiak daude ikusgai, martxoaren 29ra arte.

Iruñeko Ziudadelako labeak eta lorategiak Juan Gorriti artistaren Araiz bailaratik Iruñeko gotorlekura izeneko erakusketa hartuko du martxoaren 29ra arte. Bertan bost metroko altuera duten pieza deigarri eta handiak daude ikusgai. Horien artean, 100 pieza ezberdinez osatutako cromlech bat, tamaina handiko totem pare bat, sorgin eta pertsonaien taldea osatzen duten zortzi eskultura eta haren behi urdina, bost metro eta 2.000 kg dituena.

Gorritik azaldu duenez, obren sorkuntzan lurrak, euriak, suak eta denborak ere esku hartu dute, artistak berak “Art-Denbora” deitzen duenaren bidez.

Erakusketa honek Gorritik 2019ko ekainean, Gaztarri izenez, Azkuen aurkeztu zuen erakusketan du jatorria. Horregatik, Iruñean ikusgai dauden piezak “aireak, haizeak, zirimiriak, eguzkiak eta Araitzko euriaren ondorengo lurrinak laztandu dituzte”, azaldu du sortzaileak.

Cromlechak

Labearen barruan sei metroko diametroko cromlech bat paratu du, 50 eta 180 zentimetrora bitarte dituzten piezez osatua. Gunea zaindua, lasaia, bildua eta isila denez, Gorritik obra ikustera bertaratzen direnei haien pentsamendurik barnekoenetara eramateko aukera eskainiko diela pentsatu du, horregatik erabaki du obra bertan kokatzea. Hala, nahi dutenek piezak ukitu eta zurei egin dizkien zuloetatik begiratu ahal izango dute. Diseinuak 70 piezaz osatutako zirkuluaren inguruan ibiltzeko aukera ere ematen du, sorkuntza horri zein ikuspuntutatik begiratu nahi zaion erabakitzeko.

Bigarren cromlecha kanpoaldean kokatu du. Barrukoa baino handiagoa da, hamar metroko diametroa eta egur mota ezberdinetako ia ehun pieza ditu. Osotasunaren oreka irudikatu nahi du. “Gure arbasoek duela milaka urte hasitako lanaren jarraipena da, guztiok elkartzen gaituen zirkulu bat”, dio artistak. Batean zein bestean egurrak kolore naturala du, denboraren joanak eta materialaren gorabeherek eman diotena.

Lorategitik atera gabe baina, cromlecharen inguruan sorginak eta beste hainbat pertsonaia ere ikus daitezke. Bi metrotik gorako altuera duten zortzi irudi dira, teknika mistoa erabiliz landutakoak.

Behi urdina bestalde, inguruko guztiaren lekuko ageri da, bi enbor handiren gainean atseden hartzen dago. Artistak infinituaren kolorez margotu du behia. Egilearen arabera, “gogoan dut soroan lan egiten nuenean idiek eta behiek zenbat sufritzen zuten. Orain, ordain modura, behi hau bi enborren gainean jarri dut, posizio noble batean”.

Aurreko obrez gain bi totem handi daude berdegunean; izan ere, batek lau metroko altuera hartzen du eta besteak hirukoa.  Behi urdina bezala, piezak koloretsuak dira, Gorritik zuraren gainean pintura akrilikoa erabiltzeko hautua egin baitu. Aurreko material berekin osatu du azken obra, Malatxa, erakusketa osatzen duen konposizio urdina.

Gorriti Oderitzen jaio zen, Larraunen, 1942an. Zurgina dela esaten du, baina eskultorea eta margolaria ere bada. “Nik ez dakit artea zer den”, horixe errepikatzen du behin eta berriz. Izan ere, “sentitzen” duena egiten duela dio. Jorge Oteizari eta Remigio Mendibururi esker murgildu zen artearen munduan, eta dagoeneko bere lengoaia propioa sortu du. Baserritarra eta artzaina jaiotzez, egurrarekin egiten du lan, batez ere. Laugarren dimentsioa eta Gorriti urdina dira bere zigiluak. Eskulturek, margoek eta grabatuek osatzen dute bere obra. Lurrak, suak, euriak eta denborak bere lanetan parte hartzen dute.

Erakusketa Ziudadelako labean eta lorategietan dago ikusgai datorren martxoaren 29ra arte. Asteartetik ostiralera bisitatu ahal izango da, 18:30etik 20.30era; larunbatetan berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 20.30era; eta igande eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara.

Zabaldu: