(argazkia: Alberdania)

Juan Kruz Igerabide idazleak ‘Doneaneko alaba’ eleberria kaleratu du

“Bi zauriren bilakaera txirikordatzen da eleberrian: 36ko gerrak familia batean utzitakoa, bortxaketa bat tarteko, eta narratzaileak gorputzean eta psikean nozitutakoa”.

Gutun luze baten eran egituratua, “eleberri sendo eta umotu” batekin dator Juan Kruz Igerabide (Aduna, 1956) oraingoan. Doneaneko alaba izenburupean, narratzaileak iloba bati idazten dio, gauzak argitzeko baino gehiago bere baitan daraman aspaldiko karga iraultzeko asmoz eta premiaz.

Gerra Zibilak utzitako zauri batetik abiatzen da nobela. Familia baten etorkizuna zeharo baldintzatuko duen bortxaketa batek irekitzen du zauria. Zauri horrekiko simetriaz, narratzaileak nozitutako beste zauri bat dago, hala gorputzean, herrena geratuko baita, nola psikean, bizi izandako traumak baldintzatuko baitu haren izaera.

Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editoreak adierazi duenez, “36ko gerratik abiaturik, gutxi gorabehera mende amaierara arte iristen da narrazioa, eta egoera historikoaren eta gizarte-giroaren oihartzun batzuk ageri dira, inoiz ere historia partikularrari gailendu gabe”.

Gertaeren kokaguneari dagokionez, Beterri bailara izan liteke, horren erreferentziak ematen baitira kontakizunean zehar, baina Euskal Herriko edozein txoko sinbolizatzen da, bai euskal historian bai euskal geografian horrelako osagai asko errepikatzen baitira.

Igerabidek azaldu duenez, “nobelan zehar bi zauri horien bilakaera kontatzen da. Narratzaileak jarrera zurrun eta zinikoa hartuko du bizirauteko, literatura-ikerkuntzan eta liburuen munduan gotortuko da, bere behar fisiko eta emozionalak modu mekaniko eta hotz samar batean bideratuko ditu, bizitza, ustez, sendo bat eraikiz, eta handik munduari destainaz eta ironiaz begiratuz”.

Egilearen arabera, “eleberriak narratzailearen mundu sendoa kolokan jarriko du, eta Doneaneko familiaren gainbeherari beste ate bat zabalduko dio, esperantzazkoa ez bada ere, bai behintzat duintasunezkoa”. Hortik aurrera, gauzak ez dira askorik konponduko, baina sinbolikoki bide duinago eta humanoago baten trazak agertzen hasiko dira, “narratzaileak eraikitako mundu sendo baina hila kolokan jartzen da, biziberritu egiten da, eta aldi berean zaurgarriago, ahulago bihurtzen da”.

Testuan tartekaturik, mitologiako pasarteak ageri dira, eta orobat literatura unibertsaleko zantzuak nahiz pasarteak, “gertakizun historikoei halako hedadura antropologiko bat eman nahi izan diet, giza kondizioaren zenbait korapilo agerian jarriz. Erreferentzia mitologiko eta literario horiekin, nobelako gertaerak eta pertsonaiak unibertsalizatu egiten dira nolabait”, azaldu du Igerabidek.

Eleberriaren tonuari dagokionez, idazleak adierazi duenez, nobelako pasarte asko garratzak dira, baina, oro har, narratzailearen ikuspegi ironikoa gailentzen da. Poliki-poliki samurtu ahala, egoera komikoak ere ageri dira, eta ironia erabiltzen du, bere buruari begira ispilu bat balitz bezala.

Zabaldu: