(argazkiak: Eusko Ikaskuntza)

Juan Mari Beltranek Manuel Lekuona 2024 saria jaso zuen atzo, Oiartzunen

Soinuenea-Herri Musikaren Txokoaren sortzailearen lana goraipatu nahi izan zuten epaimahaikideek, musika ondare tradizionala berreskuratu, babestu eta transmititzeagatik.

Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria Juan Mari Beltran Argiñena musikari, musikologo, konpositore, etnografo eta irakasleari emateko ekitaldia izan zen Oiartzungo Landetxe Kultur Aretoan atzo.

Euskal musikaren eta folklorearen esparru anitzetatik etorritako jende ugarik, lagunek eta erakundeetako ordezkariek Juan Mari Beltrani babesa eman nahi izan zioten. Ekitaldian ez ziren falta izan ez musika interpretazioak ezta bere ondoan edo bere ibilbide luzean lagundu diotenen testigantzak ere.

Oiartzungo alkate Joana Mendiburuk egin zion ongietorria, eta Beltrani eskerrak eman zizkion azken hogeita hamar urteetan Soinuenea Fundazioak egindako lanagatik eta musikarekiko duen pasioa herrian zabaltzeagatik.

Ondoren, Luis Elicegui Mendizabal Epaimahai Instituzionaleko bozeramaileak 2024ko Manuel Lekuona Saria emateko akta irakurri zuen.

Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak adierazi zuenez, “gure iraganaren onena hartzen duen artista da Beltran, eguneratzeko eta belaunaldi berriei transmititzeko. Azken finean, posible egiten duenak katea ez dadila eten”. Bere ibilbideari errepasoa eginez, Urkizak bere lan polifazetikoari eutsi zion, instrumentista, konpositore, musikologo, etnografo eta irakasle gisa erro tradizionaleko euskal musikaren zerbitzura, eta “Euskal Herriko kultur transmisioaren arloko errealizazio sendo eta iraunkorrenetako baten” sustatzaile gisa, alegia, Soinuenea Fundazioarena. “Musika tradizionala eta garaikidearen artean, eta euskal folklorearen eta bestelako generoen arteko bitartekari” gisa hartu duen zeregina ere nabarmendu zuen. Lan horren bidez, posible da “integrazioa, elkarrizketa eta lengoaia unibertsalenaren ulermen globala: musika”.

Remigio Mendibururen eskultura jaso ondoren, 2024ko Manuel Lekuona Saria jaso zuen Beltranek eta eskerrak eman zizkien bere ibilbide musikalean lagundu dioten pertsona guztiei. Etxarri Aranatzen hasi zeneko garaiak ekarri zituen gogora, artean haurra zela klarinetea eta txistua jotzen hasi zenekoak. Eta urte batzuk geroago, Donostian, Argia taldeko kide zela, kultura herrikoiaren balioa eta oraindik bizirik dauden lekuetan musika eta dantzak biltzearen garrantzia ezagutu zituen.

1985etik aurrera, Hernaniko Udal Musika Eskolak bertako herri-instrumentuen irakaskuntza arautua sartu zuenetik, Juan Mari Beltranek interprete ugari trebatu zituen bertan, berak alboka, txalaparta eta dultzaina ikasteko sortutako metodoak aplikatuz. Soinuenea-Oiartzungo Herri Musikaren Txokoa martxan jarri zela hogeita hamar urte bete direla ere gogoratu zuen.

Amaitzeko azpimarratu zuenez, “musikari asko eman diodala esaten dute, hala izango balitz ere, zalantzarik gabe esan dezaket askoz gehiago eman didala musikak niri”. Hori dela eta, “Orhiko xoria bezala, zoriontsu sentitzen naiz bizitzea egokitu zaidan bizitzarekin, familiarekin, lagunekin, lurrarekin, gizartearekin, hizkuntzarekin eta kulturarekin”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna