(argazkia: Ikastolen Elkartea)

Jugatx Jiashang Larrakoetxeak irabazi du Euskal Herriko ikastolen Komiki Lehiaketa

Irudigintza bezala. narrazioa ere aintzat hartuta Larrakoetxearen Amaiur 150 lanak merezimendu osoz jaso duela saria azpimarratu du epaimahaiak.

Laudio ikastolako Jugatx Jiashang Larrakoetxearen Amaiur 150. Amaiurko setioa izeneko lanak irabazi du Euskal Herriko Ikastolen Komiki Lehiaketaren lehen edizioa. Irabazleak bere lana Xabiroi komiki aldizkarian argitaratzeaz gain, marrazteko tablet bat jaso du sari gisa. Denetara 39 lan aurkeztu dra lehiaketara.

Dani Fano eta Ainara Azpiazu Axpi komikigileek eta Koldo Aldabe Ikastolen Elkarteko komunikazio taldeko kideak osatu dute epaimahaia, eta aho batez hartu dute erabakia. Irudigintza bezala, narrazioa ere aintzat hartuta Larrakoetxearen Amaiur 150 lanak merezimendu osoz jaso duela saria azpimarratu du epaimahaiak.

Bestetik, komiki irabazlearen ilustrazioak nahiz gidoia egile berarena izan bada ere, epaimahaiak azpimarratu du lanik gehienak talde lanaren emaitza izan direla. Komikigintzan, hain zuzen ere, talde-lanak garrantzi handia du, eta gazte hauek erakutsi duten elkarlan hori aldarrikatu nahi izan du epaimahaiak.

Ikastolak Herriari ekimenaren baitan kokatzen da Euskal Herriko Ikastolen Komiki Lehiaketa. Baina lehiaketa baino, parte-hartzea sustatu nahi izan da ekimen honen bitartez. Izan ere, komikigintza atsegin duten eta horretan lehen urratsak egiten ari diren gazteei euren sormen lana garatzeko aukera ematea izan da helburu nagusia, eta era berean, komikiak atsegin dituzten baina oraindik egiteko urratsa egin ez duten gazteak ere animatu nahi izan dira pauso hori ematera. Eta bai batzuek zein besteek egin dute urrats hori, eta hori bera saritu nahi izan da Komiki lehiaketa honetan.

Euskal Herriko Ikastolen Komiki Lehiaketaren lehen edizio honetan gaia emana izan da. Hain zuzen ere, Amaiurko gazteluaren setioaren inguruko kontakizun bat osatzea eskatu zitzaien egileei. Batzuek kontakizun hori hartu dute gaitzat; beste batzuek, berriz, gaiaren garaian kokatu arren, amodiozko narrazio bat asmatu dute. Badira garai hartan oinarritutako bestelako kontakizunen bat asmatu dutenak, eta baita hamaseigarren mendea eta gaur egungo aroaren arteko lotura egin duenik ere.

Lan guztiak ikastolen jaietako webguneetan jarri dira ikusgai.

Zabaldu: