Deialdiaren edizio honetan, egitasmo bakarra babestu den arren, hurrengo urteetan proiektu gehiago sustatzeko bideak jorratuko dituztela azpimarratu du antolakuntzak eta ildo honetan lanean jarraitzeko asmoa azaldu dute.
Julene Gatzagaetxebarria eta Sara Oregi dira iazko irailean martxan jarritako Batera, kultur proiektuak elkarrekin deialdiko lan aukeratuaren egileak. Aurkeztutako lan guztien artean epaimahaiak proiektu bakarra aukeratzea erabaki du deialdi honetan, proiektuaren orijinaltasuna, euskarazko sorkuntzari egiten dioten ekarpena eta euskal jendartean sor dezakeen interesa aintzat hartuta.
Gatzagaetxebarriak eta Oregik Etengabeko (ber)eraikuntzan olerki-liburu ilustratuaren proiektua aurkeztu dute deialdian; alde batetik, Julen Gatzagaetxebarriak azken urteetan zehar idatzi dituen olerkien bilduma batu nahi dute liburuan, eta bestetik, Sara Oregiren ilustrazioek lagunduta jantzi dute olerki bakoitza, beharrezko gorpuzkera eta edertasun puntua emanez. Azaldu dutenez, “olerkiek ez dute ildo zehatz bat jarraitzen, ortzi-muga zabal bat jorratzeko asmoarekin sortuta daude: bizimodua ikusteko erak, eguneroko kronika kritikoa, pertsonen arteko harremanen eragina, adiskidetasuna, maitasuna, bizipen pertsonalak eta fikziozkoak direnak ere, lagunei opari modura eskainitakoak…”. Azken finean, Julenen hurbileko ingurunean bizi eta ikusi dituen egoerek eta horien aurrean izan duen jarreretan aurkitu du inspirazioa.
Gazte bi hauek hilabete eman dute crowdfunding kanpaina prestatzen Itsulapikoa.eus plataforman ezagutzera emateko, eta kanpaina abiatu dute jada. Ondoren, 28 eguneko epea izango dute proiektua aurrera ateratzeko behar duten dirua batzeko eta kulturazale eta euskaltzale interesatuek beren ekarpenak egin ditzaten. Proiektua garatzeko prozesuan, bestalde, Gatzagaetxebarriak eta Oregik deialdiko antolatzaileen laguntza izango dute: Izaskun Arrue Kulturgunearen eta Gauekoak programaren arduradunek marko orokorrean lagunduko die eta Itsulapikoa proiektuak, aldiz, crowdfunding kanpaina antolatzeko aholkularitza emango die. Horrez gain, proiektu honek, Laboral Kutxaren 2.000 eurotako diru-laguntza jasoko du.
Deialdiaren edizio honetan, egitasmo bakarra babestu den arren, hurrengo urteetan proiektu gehiago sustatzeko bideak jorratuko dituztela azpimarratu du antolakuntzak eta ildo honetan lanean jarraitzeko asmoa azaldu dute.