Julia Martosek euskal zinema feministaren historiaren inguruan egindako proiektua hautatu dute Juncal Ballestin bekarako

Bekak arte feministaren historiografiari eta museoaren bildumari lotutako emakume artistei buruzko ikerketa-proiektuak babesten ditu.

Gasteizko Artium Museoak antolatzen duen Juncal Ballestin Nazioarteko Ikerketa Bekak badu irabazlea: Julia Martos artista. Epaimahaiak aho batez erabaki du Martosen Inscripciones feministas en el remontaje del archivo audiovisual en Euskal Herria [Inskripzio feministak Euskal Herriko ikus-entzunezko artxiboaren bermuntaketan] izeneko proiektuari beka ematea.

Epaimahaiak azaldu duenez, “lanak euskal narratiba filmiko feminista bat eraikitzea proposatzen du, motaa skotako artxibo-materialekin lan egiten duten artista eta zinemagileek egindako berridazketa zinematografikoaren prozesuak aztertuz”.

Juncal Ballestin Nazioarteko Bekaren (Artium Museoko Euskal Emakume Artisten, Praktika Artistikoen eta Arte Feministaren Teorien Ikerketa eta Dokumentazio Zentroari atxikia) helburua arte feministaren historiografiaren garapenean laguntzea da, bai Euskal Herriaren testuinguruan, bai nazioartean, eta, era berean, museoaren programei eta bildumari lotutako emakume artisten eta pentsalarien ekoizpenak aztertzea.

Julia Martos artista, programatzailea eta ikertzailea da, eta Bilbon bizi da. Artxibo-politikek eta haren narratologia- eta erakusketa-ahalbideek interesatuta, Londresko Birkbeck Universityko Programazio eta Zinema Komisariotzako prestakuntza amaitu zuen 2021ean, Museoen Komisariotza eta Kudeaketarako Botin Fundazioaren bekari esker. Gaur egun doktore-tesia egiten ari da, zinema dokumentaleko berrinskripzio feministei buruz, familiaren film-artxiboarekin.

Zabaldu:

Utzi erantzuna